Nekane Arroyo: «Edozerrekin ‘pikatzen’ den horietakoa naiz»
Nekane Arroyo, udaltzaina
BINKE / 2017ko urria
«Edozerrekin ‘pikatzen’ den horietakoa naiz»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Sasoi betean dago Nekane Arroyo, eta bere burua gainditu beharra duen edozein probak erakusten du hori, ez baitago gogor egingo dion saiorik. Telebistako edo lupetz arteko ariketak ondo gainditzen ditu udaltzainak, baina gai izango al da gure galderak behar bezala erantzuteko?
Lehen El Conquistador, orain Izan Invictus. Lehiak ala famak deitzen zaitu gehiago? Lehiak, duda barik. Txikitatik oso lehiakorra izan naiz, eta gainera edozer gauzarekin «pikatzen» naiz. Gimnasioan, adibidez, entrenatzen dugunean, taldeko mutil «potenteenaren» ondoan jartzen saiatzen naiz, eta ariketak egiten ditugunean, bera baino azkarrago eta gehiagotan egiten saiatzen naiz. Niretzat hori da hobetzeko era bakarra. Baina egia da famak ere ez nauela beldurtzen.
Eta telebistaz ari garela, ospeak «hobea» bilakatzen zaitu? Imajinatzen dut audientziarentzat hobeak izango garela, akaso, programaren ikuspuntutik. Baina niretzat aurreko reality-an jasotako esperientzia izan da hobea egin nauena.
Reality-etako esperientziaz ari garela, zer da hauetan ezinbesteko jakin behar dena? Horrelako reality-etan oso garrantzitsua da funtzionamendua ulertzea, aurkezleak esandako komentario asko zirikatzeko direla jakitea, askotan gauzak lasterka egin behar direla, eta beste askotan, orduak egon beharko duzula hurrengo frogaren zain. Telebistan ere, bizitzako arlo guztietan bezala, esperientzia oso garrantzitsua da.
Onena edo txarrena zaren guk ez dakigu, baina Julian Iantziri zugatik galdetzean, aurkezleak berak aitortu digu «ezkutatzen ez den horietarikoa» zarela, «pertsona oso zuzena». Zuzenegia, akaso? Tira, oso gardena naizela esango dugu! (barreka) Alaia eta zintzoa izatea gustatzen zait, eta horrelakoa da nire pentsaera ere. Arazoren bat azaltzen bada, lehen baino lehen konpondu eta aurrera segitzea izaten da nire helburu bakarra. Aurpegian zuzenean ikusten zaizkit ideiak eta gauza bat pentsatzen badut, horixe esango dut. Zurekin arazoren bat badut ere, zuzenean egingo dizut berba. Uste dut pertsona guztiek elkarrekin ondo konpontzeko aukera dugula. Pixka bat saiatzea baino ez dago!
Zer bilatu behar du reality bateko lehiakide batek orekatua izateko? Reality zein edozein lehiaketakoa izan, lehiakide batek bere buruari erronka berriak jarri behar dizkio; hasieran errazagoak eta gero eta zailagoak izango diren erronkak. Eta oreka mantentzeko, txarto egiten ditugun gauza horiek dira gehien praktikatu behar ditugunak.
Erraz diozu hori… Askotan egia da zailena horixe dela, normalean hain ondo egiten ez ditugun gauzak gustatzen ez zaizkigunak direlako, eta beraz gutxiago egiten ditugunak.
Gustatzen ez zaigun horretan entrenatzeko gomendiorik? Nire aholkua erraza da: entrenatzeko taula bat prestatzea, kontuan izanda lehiaren helburuak eta guk jarritako erronkak. Hala ere, taula prestatzea ondo dago baina duda barik garrantzitsuena ariketa fisikoak egitea da!
Fisikoak, bakarrik? Ez! Zelan ez, meditazioa ere ezin ahaztu. Are gehiago, burua da, beharbada, gorputza baino gehiago entrenatu behar dena.
Lehen aipatutako txoritxo berak dio alai zaudenean oso alaia zarela, baina hasarratzen zarenean… Horrela da ala telebistan egiten duzun papera baino ez da? Txoritxo txibato hori! (barreka) Baina arrazoi du. Ideiak bezala, sentimenduak ere nabaritzen zaizkit, eta Invictus saioan naturala izan naiz erabat, beraz txarto sentitzen nintzenean, dena atera behar nuen modu batean edo bestean. Oihuka batzuetan, negarrez besteetan…
Tira, pozik ere izango zinen ba! Ia beti! (irribarretsu) Poza eta irribarrea bakarrik ateratzen zaizkit, eta horixe ere igarri da ETB-1eko Izan Invictus saio berrian: sarri abesten dut, jolastu, bromak egin… kideekin momentu oso onak izan ditugu lehiaketan!
Saio hori Eternal Running eta antzeko frogetan oinarrituta dago. Horretan izango duzu ba eskarmenturik! Ufa! Etxean dudan apaleko argazkiak bidali beharko dizkizut. Aipatu duzun antzekoetan hainbestetan izan naizenez, ez dira apalean gauza guztiak sartzen. Baina baten bat aipatzekotan Madrileko Spartan Race aipatuko nuke.
Zergatik Madrileko hura? Hau izan zelako nire lehenengo froga, orain dela 3 urtekoa. Izugarri gustatu zitzaidan eta hortik aurrera Farinato Race, Eternal Running, Desafío de Guerreros eta antzekoak egin ditut. Gustura egiten ditut froga hauek! Gainera Mallorkara joan izan naiz, Xixonera, Bartzelonara… leku asko ezagutu ditut kirolari esker!
Oraintsu, urriaren 8an, Galdakaon antolatu zen Eternal Running lasterketa arrakastatsua. Gustura lortutako emaitzarekin, ezta? Bai, noski. Lehenengo saria irabazita, zelan ez naiz ba pozik egongo! Hamar kilometroko lasterketa izan zen, 80 oztoporekin, ordu bat eta hamaika minututan amaitu nuena. Lehenengo neska izan nintzen eta onenen artean heldu nintzen helmugara, beraz, pozarren amaitu nuen eguna!
Arrakastatsua bada aipatutako lehiaketa, baina baita emakumeen parte-hartzean ere? Zorionez, bai. Gero eta emakume gehiago animatzen dira halako lasterketak egitera. Eta gero eta prestatuago gaude neskak ere! Gainera lasterketak oso dibertigarriak dira eta lokatzetan sartzeak ume bihurtzen zaitu berriro. Eternal Running-ean parte hartzeko adibidez, ez da beharrezkoa kirolari profesionala izatea eta taldeka joanez gero, laguntza jaso dezakezu, beraz edonork amaitu dezake neurri honetako lasterketa bat.
Hala ere, ahots kritikoenek diote neurri horretako lasterketei negozio usaina hartzen diotela. Bizitza honetan zer ez da negozioa? Akaso futbola ez da negozioa? Ala txirrindularitza? Kirol inguruneko gauza gehienak negozioak dira, eta badakizu: erosteko prest dagoen jendea badago, saldu egiten da. Hala ere, horrelako ekimenak antolatzen dituzten enpresa askok fundazioak dituzte, gehienak «hirugarren munduko» herrialdeak laguntzeko, eta gure parte-hartzetik ateratzen duten diru kopuru jakin bat bestelako ekimen solidarioetan inbertitzen dute. Baina dohaintzak egin baino lehen dirua irabazi beharko dute, ezta?
Zer izango litzateke Nekane lehiarik gabe? Ezertxo ere ez! (barreka) Benetan diot, oso lehiakorra naiz eta helburu bat lortzen dudanean, hurrengoa bilatzen dut. Nire izateko era da… edo hori baino gehiago, nire bizitzeko era da hori!
Horregatik akaso zara udaltzain, zure burua egunero lehiaren baten aurrean jartzea gustuko duzulako? Agian bai. Baina uste dut txikitatik ikasitakoarekin duela zerikusia bai nire lanak zein nire izaerak ere. Gaztetan borondatezko begirale izan nintzen herriko Argizai Eskaut Taldean. «Beti prest» zen gure lema, eta bertan jendea laguntzen ikasi nuen. Beranduago irakasle izan nintzen, umeei eta nerabeei laguntzen… eta uste dut, nire egungo lanean ere, berdina egiten ari naizela: herritarrak laguntzen.
Herritarrak laguntzea zailagoa al da emakume polizia izanda? Egia esanda, bai. Zoritxarrez oraindik badago gizarteko alderdi bat ez duena hori ikasten, emakumeok berdin-berdin lagundu dezakegula. Batzuek ez dute onartzen emakumeak, gizonak bezala, pertsonak garela, eta beraz, igual-igualak garela lan egiteko orduan! Gorputz ezberdinak ditugula? Bai, noski. Baina esan, lanerako gorputzeko zein atal erabiltzen dira? Eta zati horiek ez al ditugu berdin?
Zeintzuk izan da zure ogibidean bizi izan dituzun unerik gogorrenak? Hildakoak ikusi ditugunean edota norbaiti berpizte kardiopulmonarraren ariketa —RCP izenez ezaguna— egin behar izan diogunean. Iskanbilaren baten bitartekari egin behar dugunean ere latzak igaro behar izan ditugu, inoiz ez dakizulako ezbeharraren lekura iristean zer topatuko duzun bertan, labanak, bateak…
Poliziaz ari garela… Katalunian gertatu denak mahai-gainean jarri zuen eztabaida: Espainiako polizia eta Guardia Zibila VS. Mossoak. Non ikusten duzu zure burua? Katalunian gertatutakoa benetan lotsagarria izan da. Ikusi ditudan irudiak penagarriak dira. Lehen esan dudan bezala, nire ustez poliziak herritarrei laguntzeko gaude. Eta «demokrazia» hitzaren esanahia herriko boterea da. Honekin dena esanda dagoela uste dut.
Batzuek Espainiako Konstituzioa defendatu nahi zuten, besteek herritarrak. Zein da lehenago? Legea defendatu behar dugula argi dago, herritar guztiok gure artean elkarbizitza ona izan dezagun. Horretarako daude arauak jarrita. Baina «demokrazia» berbara berriro bueltatzen bagara, arauak herritarrok egiten ditugu eta herritarrei defendatzeko daude sortuak. Bestela, emakumeok oraindik ezin izango genuke bozkatu, adibidez.
Izan Invictus saiora bueltatuz, norekin egin duzu harremanik onena? Harreman oso ona egin dut nire taldeko jende guztiarekin, bereziki emakumeekin. Hala ere, gizonen artean mugitzen naiz normalean eta mutilekin oso giro ona izan dut beti.
Ez diguzu izenik eman behar ala? Ez da erraza… Programan bertan bizi izandakoarekin izen bakarra esan behar badut… ezin dut (pentsakor). Gutxienez bi esan beharko nituzke: Aitor Sudupe eta Aner Gorrotxategi. Oso desberdinak dira, baina bere puntu oso onak dauzka bakoitzak. Oso jende jatorra batu da nire taldean!
Eta harremanik txarrena norekin egin duzu? (barreka) Talde gorrikoekin! Denbora gutxi egon naiz beste taldekoekin eta izen bat eman behar izatekotan Seleta aipatuko nuke. Azkenean lortu dugu gure artean ulertzea, baina hasieran… Ezin nuen ikusi ere egin!
Portatu zaitez ondo gurekin eta emaiguzu primiziaren bat, arren… Pasa berri den astean lesionatu egin nintzela ikusi zuten Izan Invictus saioko ikusleek. Bada, bakarrik esan dezaket ondo nagoela eta hurrengo astean oraindik «gerra» asko emango dudala. Ikusi behar duzue, ez dauka galtzeko pasarterik eta! •