«Nola zabaldu zen garia Euskal Herrian?», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2020ko urria
Nola zabaldu zen garia Euskal Herrian?
Autu-mautu polita dakargu orain, irakurle, Martintxoren ipuina. Gogoratzen al zara nor zen Martintxo? Amamak sarritan aipatzen zigun, baparri-biparri, Martintxo mutikoaren pasadizoa.
Antzina, Muskizko kobazulo batean, basajaunak bizi omen ziren. Han, inguruko mendi gainetako lurrak erabilita, sekulako garitzak biltzen omen zituzten. Beheko lurretan, kristauak bizi omen ziren, eta, oraindik ez omen zuten garirik ereiten, hazirik ez zeukaten-eta.
Behin, Martintxo, abarka handiago batzuk jantzita joan omen zen Muskizko kobara, eta, hango gari pilak ikusirik, saltoka zeinek salto handiagoa eman apustu egin zuen basajaunekin. Basajaunak, beren aldetik, erraz saltatu omen ziren.
Martintxo, berriz, gari pilaren erdira erori omen zen, baina gari-alez bete zituen abarkak.
Gero, handik alde eginda Martintxo etxera zetorrela, basajaun bati bururatu zitzaion hark abarketan gari-hazia zeramala, eta aizkora txiki bat hartu eta jaurti zion; ez zuen harrapatu, ordea.
Garai hartan, kristauek ez omen zekiten garia noiz erein; halako baten, Martintxok basajaun bati aditu omen zion nola zioen, algaraz:
— Ja, jaaai! Hau balekite, hartuko lukete, bai:
Orri irtetean, artoa ereiten.
Orri erortzean, garia ereiten.
Eta San Lorentzotan, arbia ereiten.
Horrela zabaldu zen garia Euskal Herrian. Gaur egun, etxean, Martintxori esker jaten dugu ogia.