Obusak Galdakaoko zeru ganean
Galdakao Gogora elkartea, galdakaogogora@gmail.com
BINKE / 2021eko uztaila
Obusak Galdakaoko zeru ganean
TESTUA: Galdakao Gogora elkartea
ARGAZKIA: «Estampas de la guerra» liburutik
Joan dan hilean, bagilaren 15ean, 84 urte tropa frankistak Galdakaon sartu zirana. Martiaren 23an, gogoratuko dozuenez hainbat komunikabidetan horren barri emon zanez, eztanda egin bako obusa topatu eben Mercadilloko zubiaren inguruan, eta handik hilabete batera, beste bat, Ganguren mendiaren tontorretik hur. Beste behin be, argi ikusi geinke nazionalen okupazinoa, hain zuzen be, Nafarroako 1. Brigadak, García Valiño teniente koronelaren agindupean egindakoa, ez zala bape baketsua izan.
Estatu kolpearen aldeko El Diario Vasco egunkariak horrela argitaratu eban 1937ko bagilaren 16an: «Fuerzas que operaban en las inmediaciones de Erleches avanzaron sobre Galdacano, todas cuyas alturas estaban completamente en nuestro poder después de las dos de la tarde. Dominado por todas partes Galdacano podía anticiparse que toda resistencia sería inútil. Batida durísimamente por nuestra artillería las famosas fortificaciones rojas que rodean a este pueblo, considerado como el más importante baluarte de todo el llamado Cinturón de hierro de Bilbao, nuestras tropas se lanzaron al asalto y esta tarde Galdacano caía en su poder».
Aurton agertutako obusak eraso gogor horreen adierazle dira, baina baita hildako Galdakaoko herritarrak bere: bagilaren 15ean, 38 urteko Victor de la Mota Murgoitio hil eben, Kurtzean, eta Santiago Uriarte Sagardui, 20 urtekoa, Aperribain. Egun batzuk lehenago, bagilaren 3an, Pablo Ojanguren Larrabe hil eben, Gumuzion.
«Estampas de la guerra» liburuko erretratu honetan, Schneider izeneko obusa ageri da, gure herria erasotzeko erabili eben mota berekoa. Trubia eta Sevillan egiten ebezan modelo honetako obusak: 105 mm. eukezan, eta 12 kilo.
Irudia ikusita, eta oraintsu topatutako obusak lekuko dirala, zalantza barik esan geinke, bonbardaketez aparte —28 bonbardaketa—, kolpisten artilleriak be kalte handiak eragin ebazala Galdakaon, baita, gitxienez, hiru hildako bere.