Olatz Crespo eta Nerea Zubiaurre (Sinun): «Galdakaon jaiotako proiektua da Sinun, bitxien marka berria»
Olatz Crespo eta Nerea Zubiaurre, Sinun markaren sortzaileak
BINKE / 2020ko iraila
«Galdakaon jaiotako proiektua da Sinun, bitxien marka berria»
Nerea Zubiaurrek duela gutxi Galdakora etortzeko aukera ikusi zuen. Geroztik, aurreko bizitza alde batera utzi eta bere lagun Olatz Crespo galdakoztarrarekin Sinun denda zabaltzea erabaki zuten. Eurek gertutik ezagutzeko aukera izan du Binkek.
Zergatik erabaki zenuten Galdakaon negozio bat zabaltzea? Sinun bitxien marka orain dela ia urte eta erdi jaio zen proiektu digital txiki bat bezala. Lehengo urtean pare bat showroom egin genituen eta, oraindik ere, jendeak produktua zuzenean ikustea nahiago duela konturatu ginen; hori izan zen arrazoietako bat. Bestalde, urte honetan zehar proiektua hazten joan da, gainera Sinun Art jaio izan da bidean, eta bai laminak erakusteko eta baita margotzeko ere toki bat behar genuen. Guzti horregatik, denda fisikoaren apustua egiteko unea zen. Galdakaon jaiotako proiektua da, eta nola ez, denda Galdakaon egotea zen aproposena.
Zuen negozioa duela gutxi zabaldu duzue. Zelan ikusi duzue zuen burua? Momentuz nahiko ondo. Proiektu pertsonaletan batek bihotza eta intentzio guztia jartzen du eta uste dut hori igarri egiten dela.
Zuen ustez, garrantzitsua al da herritarrok herrian kontsumitzea? Bai, noski. Herritarrok ez badugu herrian kontsumitzen, herria hil egiten da. Galdakotik gertu Bilbo dago, eta horrekin batera, denda handiak daude, baina gure kontsumoarekin nor laguntzen ari garen pentsatu behar dugu, eta baita gure kontsumo horrek zein ondorio ekar ditzakeen ere. Gure ustez, diru-zorroa ateratzen dugun momentu bakoitzean aipatutako ideia hau etorri beharko litzaiguke burura.
Zuen dendan artisau produktuak aurki daitezke? Bai, baina argitu beharra dago saltzen dugun guztia ez dela artisautzan oinarritzen. Hala ere, eskuz eginiko produktuak, bakarrak izateaz gain, oso bereziak dira, sortzailearen zatitxo bat eramaten baitu erosleak. Denda handietan eta Interneten diseinu eta prezio ezin hobeak lortzea oso erraza da, eta gure ustez, artisau produktuak ez ditugu behar bezala balioztatzen.
Arriskutsua izan da pandemian zehar negozio berri bat zabaltzea? Negozio berri bat zabaltzeak beti ditu arriskuak eta egia da garai arraro batean harrapatu gaituela. Baina ilusioa eta lan egiteko gogoa izanez gero, ondo irtengo delakoan gaude. Edo hori espero dugu!
Zelan ikusten duzue gurean negozio txikiak dituzten jabeen egoera? Garai ezegonkorra da orain bizitzen ari garena. Hilabete zailak izan dira denontzat eta batek daki nolakoak izango diren datozenak. Egin behar dugun gauza bakarra denda eta taberna horien atzean dauden jabeetaz oroitzea eta laguntzea da.