Ondare katalogoari buruzko 21 galderen erantzunak banatu ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Jon Gomez Garai
Olabarrieta eta Tximelarre auzoetan azalpen-eskuorri batzuk banatu ditu Galdakaoko Udalak, zenbait azalpen eskainiz eta herritarrek izan ditzaketen 21 galderei erantzuna emanez. Eskuorri horretako edukia hitzez hitz batu du Binkek bere webgunean.
Galdakaoko kultur ondarearen katalogoarekin sortu den zalaparta baretzeko asmoz, aurreko barikuan Udalak azalpen eskuorri batzuk banatu zituen Olabarrieta eta Tximelarre auzoetako bizilagunen artean. Zenbait azalpen ematearekin batera, herritarrek izan ditzaketen galderen erantzunak ageri dira bertan.
Eskuorri hori bere horretan deskargatzeko aukera eskaini gura du Binkek. Horretarako, albiste honen amaierara jotzea baino ez du interesa duenak.
Hala ere, hedabide honek eskuorri horrek batzen duena hitzez hitz jaso du ondoko lerroetan:
Zer da ondare katalogo bat?
Kultura ondarearen katalogoa hirigintza antolamenduaren tresna osagarria da, eta hirigintza antolamenduak zaindu beharreko kultura ondasun gisa identifikatutako elementuak arautzen ditu.
Kultura ondasun bat Kultura Ondarearen Katalogoan sartzeak ondasun hori oinarrizko babesa duen kultura ondasun izendatzea dakar. Babes katalogoak aldi berean izapidetu eta onar daitezke Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren barruan, edo toki araubidearen araudian ordenantzetarako ezarritako prozeduraren arabera onar daitezke. Hori izan da kasua.
Galdakaoko Udalaren helburua, katalogo hau eguneratuta, babestu beharreko elementuen kopurua handitzea eta legearen babesean oinarrizko babesa ematea izan da, eraikin horien eraispenak saihesteko helburu nagusiarekin.
Katalogoa aztertzeko eta onartzeko prozesuak gure kultura ondare materiala babestu nahi duen konpromiso politikoa betetzea du helburu. Hala jasotzen da Gobernu Planaren 87. neurrian, ondare historikoa babesteko plan baten beharra jasotzen baitu.
Zer eginkizun dute udalek kultura ondarea babesteko?
- Babeserako hirigintza katalogoak idatzi eta kudeatzea.
- Monumentu multzoen gaineko esku hartzeak baimentzea, lege honetan hala aurreikusten den kasuetan.
- Kalteak saihesteko beharrezko neurriak hartzea, beren udalerrian dauden kultura ondasunak berehala erortzeko arriskuen kasuan, lege honetan ezarritakoaren arabera.
- Udalerriko kultura ondarea sustatzea eta zabaltzea.
- Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean berariaz aitortutako gainerako eskumenak.
Zer maila dagokigu gure kasuan?
Udal katalogoen kasuan, kultura ondasuna katalogoan sartzeak oinarrizko babesa duen kultura ondasuntzat jotzea dakar.
Zer da oinarrizko babesa?
Oinarrizko babesak bigarren mailako alorrak zaintzen ditu eta babestu beharreko elementua eraistea eragozten du.
Poblado Firestone. Zein interes du?
Poblado de Firestone gisa ezagutzen dena Galdakaoko etxebizitza eredurik berezienetako bat da, Bizkaian interes aitortua duena, industriaren garai gorenean sortua eta Firestone fabrikari lotua, eta, horregatik, du interes kulturala.
Interes maila handia du. Eugenio de Aguinagak diseinatutako multzoa, gerraosteko Bilboko hiri deszentralizazio ariketa interesgarrienetako bat da.
Multzo hori Juan Oloriz patronatuaren sustapen bat izan zen, Firestone fabrikako langileei soilik zuzendua. Etxebizitzez, eliza handi batez, lokal sozialez, ekonomatoz eta eskolez osatutako eraikina izan zen.
Azken batean, Town-country kontzeptuaren adibide bikain baten aurrean gaude. Aguinagak arreta jartzen du tokian, topografian eta kliman. Euskal landa izaerako herrixka izateko proposamenak herriko arkitektura eta lorategi-hiriko hirigintza uztartzen ditu.
Tximelarre. Zein interes du?
Bere garaian, bere arkitektura eta planteamendu estilistikoagatik goraipatzeko moduko etxebizitzak izan ziren. Harriak ia fatxada nagusi osoa estaltzen du, albokoa eta atzealdekoa, Bizkaiko Etxe Merkeetan atipikoa.
Ezin hobeto kontserbatu dira, nahiz eta eraberrituak izan.
Autore arkitektura: Calixto Emiliano Amann y Amann eta José María Basterra.
Ondorioak nire etxebizitzan:
Zer elementu babesten dira, zehazki, gure jabetzatik?
Estalkia, fatxada eta egitura babesten ditu. Horiek guztiek aldaketa partzialak izan ditzakete, betiere inguratzailea eta egitura, oro har, kontserbatzen badira.
Etxebizitza kontserbatzeko betebeharra. Babestu gabeko eraikinetarako ezarritakoak gainditzen dituen betebeharrak dakartza?
Ez, betebeharrak berdinak dira, 2/2006 Legean aurreikusitakoak. Jabeek nahitaez egoera onean gorde behar dituzte eraikinak, eta jabeak ez badira, udalak ofizioz zaindu ahal izango ditu.
Leiho berriak ateratzeko edo egungoak aldatzeko, garajeetako ateen ordez leihoak jartzeko, velux leihoak jartzeko eta abarretarako, mugaren bat izango dugu beste etxebizitza batzuek dituztenetatik harago?
Ez, berdinak dira.
Eska diezadakete nire jabetzako elementuren bat botatzea oinarrizko babes mailaren barruan egoteagatik?
Katalogoa onartzeak ez du ezer eraistera behartzen.
Ikuskapenen bat etorriko da nire etxera?
Ez.
Zigortu al nazakete nire etxebizitzako elementu babesturen baten aurka jarduteagatik?
Bai.
Eguzki panelak jarri ahal izango ditugu teilatuan oinarrizko maila onartzen bada?
Bai, balioa duen elementua edo elementuak zaintzen badira, baina gure gizartean nagusitzen diren elementu teknologikoak ezartzea eragotzi gabe.
Irisgarritasuna hobetzeko obrarik egin al dezakegu gure jabetzan?
Bai, aurreko kasuan bezala.
Nola kudeatuko lirateke obra lizentzia berriak?
Obra lizentzia eskatzerakoan gaur egungo tramitazio bera jarraitu beharko da.
Egin al ditzakegu obrak gure etxeetan, beste etxebizitza batzuen eskubide eta askatasun berberekin? Erantzuna ezezkoa bada, zer muga izango ditugu?
Babesa estalkiari, fatxadari eta egiturari dagokie. Horiek guztiek aldaketa partzialak izan ditzakete, betiere inguratzailea eta egitura, oro har, kontserbatzen badira.
Nire etxebizitza salduz gero, zerbaitetan eragiten du etxeak oinarrizko babes maila izateak?
Erosleak jakin beharko du ezingo duela etxea eraitsi.
Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea. Nire etxea horren menpe egongo da?
Ez. Eskubide horiek aukera ematen dute ondasun bat lehentasunez eskuratzeko hura eskuratzeko interesa duen beste edonoren aurretik, betiere eskainitako baldintza berberetan (prezioa, ordaintzeko modua, etab.).
Nire etxebizitzan bisitak onartzera behartu al nazakete oinarrizko babes maila duen eraikina izateagatik?
Ez.
Ba al dago eraispenak saihesteko beste modurik kultura ondarearen katalogoan sartu gabe?
Ez.
Onurak (dirulaguntzak eta hobariak)
Hobariak
Arkitektura eta kultura ondarea gordetzeak gizartearentzako duen onura orokorraz gain:
- Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren ordenantzak jasotzen duenez, interes kultural, historiko edo artistikotzat jotzen diren eraikuntza, instalazio edo obrek % 95eko hobaria izango dute kuotan. Hori da katalogoan sartutako etxebizitzen kasua.
- Ordenantza fiskalek kuotaren % 100erainoko hobaria arautu ahal izango lukete OHZren alde horrelako jabetzetarako.
Dirulaguntzak
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak daude: 2022-2024 aldian Euskal Kultura Ondareari balioa emateko eta haren zabalkundea egiteko dirulaguntzak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek dira, besteak beste:
- Higiezinak erabilera nagusirako edo ondare balioekin bateragarria den erabilera berri baterako birgaitzea.
Bizkaiko kultura ondare higiezina birgaitzeko eraikuntzari dagozkion esku hartzeak egiteko foru dirulaguntzak, 2022. urtekoak adibide hartuta. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek dira, besteak beste:
- Bizkaiko ondasun higiezinak birgaitzeko eraikuntzan esku hartzeak, kultura balioa badute eta hobetzeko, sendotzeko, birgaitzeko eta zaharberritzeko ekintzak behar badituzte.
Udalaren konpromisoa
Eta Udalak konpromisoa hartuko du ondarearekin? Konpromiso ekonomikorik hartuko du?
Ondarearen planaren barruan dago ondarea hobetzeko konpromiso ekonomikoa hartzea. Katalogoa behin betiko onartzen denean, Udal honek konpromisoa hartuko du ondarea hobetzeko, arazo komunak konpontzea helburu duten babestutako multzoari zuzendutako partiden bidez.
Gainera, eta aste hauetan zehar egin diren aurreko topaketetan jaso den bezala, egia da hirigintza jarduketa handiagoa eskatzen ari dela auzo horietan; horregatik, Olabarrieta auzorako hirigintza plan bat garatzeko lanean ari gara, auzo horrek dituen irisgarritasun eta mugikortasun arazoei irtenbidea emateko. Tximelarren ere lanean ari dira, bide zirkulazioko arazoak konpontzeko.
Egungo egoera eta hurrengo topaketak
Otsailean, bizilagunen ekarpenak jasotzen ari gara, eta katalogo proposamena berrikusiko dugu, ekarpen horiekin eta antzemandako akatsekin. Horretarako, baliorik gabe utziko dugu hasierako onespena.
Gainera, aurreikusitako ekintzekin jarraitzen dugu.
Informazioa ematen jarraituko dugu:
- Datorren otsailaren 20an, Udaleko zinegotzi eta teknikariek Olabarrietako adinekoen lokalean 18:00etan argitu gabe geratzen diren zalantzei erantzungo diete.
- Datorren otsailaren 21ean, Udaleko zinegotzi eta teknikariek udaletxean erantzungo diete Tximelarreko pertsonei argitu gabe geratzen zaizkien zalantza guztiei.
- Katalogoa osatu lezaketen etxebizitzetarako hobariak jasoko dituzten ordenantza fiskalak onartzeko prozesua hasiko da.
Ordenantza fiskal horiek onartu eta bizilagunen ekarpenekin katalogoa berrikusi ondoren, beste izapidetze bat hasteko aukera aztertuko da. Hasi aurretik, harremanetan jarriko gara jabe bakoitzarekin informazio guztia emateko.
Informazio gehiago
Ondare katalogoari buruzko informazio gehiago ondoko atarian dago eskura: erabaki.galdakao.eus