
Osakidetzaren «utzikeriak» Usansoloko ospitaleko larrialdietako krisia areagotu duela salatu du LABek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Usansoloko larrialdi-zerbitzuek bizi duten «egoera larria» Osakidetzako Zuzendaritzak aurreikuspenik, antolaketarik eta erantzuteko borondaterik ez izatearen ondorio zuzena dela salatu du LAB sindikatuak. Honen aurrean, langileak indartzea eta epe luzerako plangintza egitea eskatu dio Osakidetzari.
Larrialdi-zerbitzuetan tentsio handiko uneak bizi diren momentu honetan, dimisioa aurkeztu zuen duela egun batzuk Barrualde-Galdakao ESIko mediku zuzendariak. Larrialdietako profesionalen %40 eta %50 bitartean baja eskatu edo lanpostua utzi du azken asteetan, BINKEk jaso zuen moduan.
LAB sindikatuaren esanetan, Usansoloko eta baita Gernikako larrialdi-zerbitzuek bizi duten «egoera larri hau» Osakidetzako Zuzendaritzak aurreikuspenik, antolaketarik eta erantzuteko borondaterik ez izatearen ondorio zuzena da.
«Urteetan zehar, osasun-sistema publikoa ahultzen joan da, murrizketetan eta pribatizazioan oinarritutako kudeaketa-eredu baten ondorioz. Giza baliabideen plangintza egokirik ezak eta egiturazko neurri eraginkorren faltak, pixkanaka zerbitzuen kolapsoa ekarri dute, bereziki larrialdizerbitzuetan», adierazi du sindikatuak.
«Asistentzia-presioaren igoeraren aurrean, langileak aparteko orduen bidez gainkargatzea izan da Zuzendaritzaren erantzun bakarra, benetako konponbiderik eman gabe, eta plantillak behar bezala indartu gabe», nabarmendu du, larrialdi-zerbitzuan, errealitate hori Laneko Osasunera eraman dela azalduz: «Laneko osasun-azterketak egin ondoren, txosten bat helarazi du langileen zuzendaritzara. Emaitzak direnak izanik, zuzendaritzak ez du neurri sendorik hartu, eta ez du langileen ongizatearekiko eta arretaren kalitatearekiko konpromisorik erakutsi».
Guzti honengatik, «berehalako eta benetako erantzuna» eskatzen du LABek: langileak indartzea, epe luzerako plangintza egitea eta osasun publikoarekin eta honi egunero eusten diotenekin konpromiso sendoa hartzea