«Osakidetzari enpatia falta zaio», Ainara Artetxe
IRITZIA
Ainara Artetxe Azkueta
BINKE / 2023ko martxoa
Ospitaleko larrialdietako itxarongelan bost ordu eman nauzen, plastikozko urdin koloreko ahulki gogor baten, botata. Gorputzak erre egiten zozten eta gorputzeko atal guztietan oinazea zan nagusi, begietatik sua dariola. 39ko kalentureak ordurako hondamendia sortua eukon nire gorputzean. Ahulki urdina urtuko zala pentsatu neban.
Ez nintzen bakarra itxarongelan, batzuk itxuraz hobeto zagozen, baina ni moduan hotzikarak jota, ahulki urdinean, dardarka, orduak eta orduak eman zauriezanak ere bazagozen. Inguruko sismografoek igerriko zaurien lurrak dardara urdine egiten zauela.
Osasun langileen apatia ere bizi izan nauen, lehenengo artatu ninduen «doctor» harek. Zutik egotera behartu zozten, hanken gainean zutik egoteko indarrik ez neukala azaldu eta ezartzeko eskatu notzen arren. Zutik bai, eta ez proba bat egiteko, berba egiteko baino. Uniforme zurie eukola uste dot.
Baina beste osasun langileen enpatia ere bizi izan nauen, bost orduk askotarako emoten dau eta. Sukarra barriro hartzeko eskatu notzen erizain bateri eta harek berehala hartu zozten. Kalenturea topera neukola ikusi zauenean, mediku barri bategaz jarri zozten harremanetan eta diagnostikoak eta tratamenduek aurrera egin zauen. «Doctor» hura ez nauen barriro ikusi, zorionez.
Osasun langileak lanez gainezka ikusi nauzen, gaixoak ahalik eta hoberen artatzeko, baina sistemak gaixoen beharrak ez dauz asebetetzen. Langileenak asebetetzen ez dauzen moduen.
Enpatia falta jako osasun sistemari. Besteen lekuan jartzeko ariketa hori egin ote dau sistema diseinatu dauenak? Ahulki urdinetan ordu luzez gaixorik egotea egokitu ote jako?
Nik bizitakoa lagin bat besterik ez da. Albistegietan maiz irakurri izan doguz osasun langileen aldarrikapenak, gaixoen eskaerak eta abar. Osasun sistemak behar dauen baliabide pertsonalez eta materialez ez bada ornitzen, osasungintzak beharko lukeen gizatasunetik oso urrun egongo gara.