Oskar Arantzabal: «Euskal Herri independente bat noski dela ekonomikoki bideragarria»
Oskar Arantzabal, ekonomialaria
BINKE / 2018ko ekaina
«Euskal Herri independente bat noski dela ekonomikoki bideragarria»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Oskar Arantzabal
Orreaga Iritzi Taldeak urtero antolatzen dituen hitzaldi zikloen barnean gonbidatu zuten Galdakaora Oskar Arantzabal (Eibar, 1967) ekonomialaria. «Ikasketa sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik» liburua aurkeztera etorri zen, eta liburuaren harira hitz egin dugu berarekin.
Eskozia eta Kataluniako egoera sozioekonomikoak ekarri dituzu. Ba al dugu antzekotasunik horiekin? Nabarmenena hiruotan industriak duen pisua da, egitura ekonomikoan, horrek soziologikoki abertzaletasuna indartzen baitu. Historiari erreparatuz, hiruok jasan dugu indarkeria gure eskubideen zapalkuntzarako. Hizkuntza bereiztuak ditugu eta oro har Erresuma Batua eta Espainiako Erresuma baino kultura igualitaristagoak, hots, errepublikazaleagoak ditugu. Eta guztira hamabost milioi europar gara, ez da indar makala.
Euskal Herri independente bat ekonomikoki bideragarria izango litzateke? Eztabaida hori gaindituta dago, Europan sei estatu daude gurea baino txikiagoak eta munduan hirurogei inguru. Zergatik justifikatu behar dugu beti besteei eskatzen ez zaiena? Kontua da zer nolako gizarte arkitektura eraiki nahi dugun, hau da, zein eredu diseinatu nahi dugun hobeto bizi ahal izateko: energia berriztagarriak, parekotasuna, kooperatibismoa, pentsio duinak, aberastasunaren banaketa orekatua, etab.
Orduan zergatik daude hain analisi desberdinak gure gaitasun ekonomikoaren inguruan? Interesatuak direlako. Hiru gezur mota daude: txikiak, handiak eta estatistikak.
Espainiatik kanpo ere esportatzeak gure buruaren jabe izateko aukera gehiago ematen dizkigu? Bai, menpekotasun historikoa murrizten duelako eta balizko boikotak ekidin. Arraultza guztiak ez dira jarri behar saski berean. Izan ere, azken hogeita bost urteotan Espainiari saldutakoak %50etik %30era jaitsi dira, beraz gure nazioartekotzearen dibertsifikazio geografikoa bide onetik doa. Estatu txikiak, ezinbestean, irekiagoak dira mundu zabalarekiko eta gainera beraien artean independenteagoak.
Espainiar eta frantziar estatuak, ekonomikoki, zer dira euskaldunontzat? Oraindik ere gure merkatu nagusiak dira, nahiz eta gero eta gutxiago izan. Kontrara ere, gure baliabide ekonomiko askoren ustiatzaile dira: utzikeria iparraldean eta kupoaren diruen erabilera okerra hegoaldean —monarkia, ejertzitoa,…—.
Katalunian gertatu izan zaie: independentzia aldarrikatzeko saiakera egin eta euren ekonomia mehatxatu. Kasu antzekoan, zelan jokatu beharko genuke euskaldunok? Gerra modernoak ekonomikoak eta indar erlazioen arteko talka omen dira gaur egun. Txikitasun konplexu handiak ditugu euskaldunok, baina adibidez Alemaniarekiko merkatu-balantza «superabitarioa» dugu. Norberaren buruan sinesten denean, mehatxuek ez dute beldurrik eragiten. Bizitzan bezala eta herri gisa, gure haurtzaroko beldurretatik konfiantzazko heldutasunera pasa beharrean gaude euskaldunak: kolonialismo mentala gainditu behar dugu.