Pako Aristi: «Politikan ez da argi idazten, herritarrok zer esaten ari diren ulertu ez dezagun»
Pako Aristi, idazlea
BINKE / 2016ko apirila
«Politikan ez da argi idazten, herritarrok zer esaten ari diren ulertu ez dezagun»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Idatzi eta argitaratzen diren testuen edukia landu eta zaintzea gauza bat da. Oso bestelakoa aldiz, testu hauei ematen zaien forma, ulergarritasun eta erakargarritasuna bermatzea. Baina sarri ez da orekatua izaten eduki eta «edukiontziaren» arteko konbinazioa. Horren jakitun izan dira azken aldian Orreaga Iritzi Taldekoak, eta oreka hori gauzatzen ikasteko jo zuten Pako Aristi idazlearengana.
«Geure ardura azaldu eta berak eskaini zuen bere burua formakuntza ikastaroak Galdakaon emateko» diote Orreaga taldekoek, eta horrela aritu dira azken hilean AEKren lokaletan. Antolatzailearen esanetan, «balorazio oso positiboa egin dugu, beti baita gozamen hutsa beragandik ikastea». Apirilaren 5ean eskaini zuen Pako Aristik (Urrestilla, 1963) idazkera lantzeko azken ikastaroa eta bertan elkarrizketatu zuen Binkek.
Zergatik sortu zenituen ikastaro hauek? Urte asko daramatzat idazle eskolan erakusten eta beti somatu izan dut, Euskal Herrian orokorrean, modu samurrean idazteko ahalmen falta. Testu bat idazten denean idazletik irakurlera ideien jauzi bat egoten da baina komunikazio hori askotan ez da argia izaten. Ikastaro hauen bitartez teknika horiek erakusten ditut, idazleak idatzi nahi duena irakurlearen barnera nola iritsi behar den ikasteko.
Zeintzuk dira bada, argi idazteko gako nagusiak? Ezer baino lehen argi izan behar da zer esan nahi dugun. Idatzi nahi dugun horri buelta asko eman eta behin idatzita atzera buelta egin, idatzitakoa zuk zeuk zuzentzeko. Hori oinarrizko teknika bat da, esaterako.
Zein da idazle, hizlari eta komunikabideen akats ohikoena? Zerbait idazten dugunean testu horrek ez du irakurlea gogogabetu behar. Irakurtzen jarraitzera animatu behar zaitu, alegia, gustura irakurtzen den testu bat izan behar duelako. Akats asko dago bide horretan, ohikoena esatera, sintaktikoki traketsak diren esaldiak egiten direlako. Substantiboak aditz bihurtzen ditugu askotan eta horrek testu ilunak, berba abstraktudunak sortzen ditu. Bereziki politikan gertatzen da hori.
Zergatik gertatzen da hori politikagintzan? Hitz politekin bai, baina ez delako argi idazten, herritarrok zer esaten ari diren ulertu ez dezagun. Ia ez dago ondo hitz egiten duen politikaririk. Hitz egin bai, baina ezer ez esateko. Oso modu solemnean idatzi eta hitz egiten da, oso berba erredundante eta luzeekin. Horrek anbiguetate izugarria sortzen du eta gehienetan entzule edo irakurleak motibazioa galtzen du. Mezu lauso horiek ekiditea ere bada ikastaro hauen helburua.