
Pako Revueltas: «Aktoreak ‘gezurlariak’ gara, ez gezurtiak»
Pako Revueltas, aktorea
BINKE / 2017ko urtarrila
«Aktoreak ‘gezurlariak’ gara, ez gezurtiak»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Herrian artista bikainak ditugula inork ez du zalantzan jartzen. Batzuk ezagunagoak dira, beste batzuk zale mailan ari dira eta beste hainbat ez dira publikoki hain ezagunak izango, baina horrek ez du esan gura maila eskasagoa dutenik. Maila bera ez doa ezagun izatearekin lotuta, norberak landu beharreko ekinarekin baizik.
Hilabeteko protagonistak bakar-bakarrik egin du orain arteko ibilbidea, eta bere ibilbidean landutakoak eman dio bere egungo bizimodua antzerti-mundura eskaini ahal izateko aukera. Profesional hutsa da Pako Revueltas (Galdakao, 1971) aktorea. Aktorea diogu horrela hasi zelako 80. hamarkadan Basauriko antzerki eskolan. Gaur aldiz zuzendari lanetan ere aritzen da. Ikaskide izan ditu Ana Martinez, Susana Soleto edo Gabi Ocinaren neurriko aktore profesionalak. Eta irakasle izan ditu Paco Hernando, Cesar Saratxu edo Ramon Ibarra talentuak. «Oso ekipo potentea garai horretan, oraindik antzerki ikasketak homologatuak ez zirenean gainera», nabarmentzen du Revueltasek.
Telebistako hainbat saiotan papertxoak egin dituen arren (La que se avecina, Cuéntame, El Secreto de Puente Viejo, Hospital Central, Goenkale…), ez du mundu hori oso gustuko, eta antzerkitik ateraz gero, telebista eta zinemaren artean, nahiago du zinema. Esparru honetan besteak beste, gai homosexualak landu dituen euskarazko lehenengo filmean eta nazioarteko hamaika sari jaso dituen Ander pelikulan aritu zen. Hala ere, bere ibilbide luzean, lagunartean sortu zuen Txusma konpainia eta Kukutza gaztetxearen bueltan sortzen zituzten ikuskizun guztiak azpimarratuko lituzke aktore galdakoztarrak.
Bizitza antzerki bat dela dio askok… Faltsukeriagatik? Antzerkia berba beti modu negatiboan hartzen dugu: «Futbolariak antzerkia egin du lurrera botatzerakoan», «zelako antzerkia egiten ari zaren, gezurti halakoa»… Eta beraz, antzerkilaria gezurtitzat hartzen da ogibidez. Gu agian gezurlariak gara, ez gezurtiak.
Hara! Berba berria gure hiztegian… Dikotomia edo kontraesan bat iruditu daiteke, baina aktoreontzat egia egon behar da gezurraren atzean. Sinesgarritasuna helarazi behar du antzerkilariak, egiazko egoera batean jarri baina jakinda gezurrezko kontakizun bat egiten ari dela.
Hilabete honetan bertan Meryl Streep aktoreak Urrezko Globoa jaso du Los Angeles hirian, eta ekitaldian esan du «aktoreek ardura handia» duzuela jendartean. Baina ez zarete ba gezurlariak? Aurreko galderari buelta emanda ere esan daiteke gezur bidez egia borobilak esan daitezkeela. Kritika gogorrenak sarri antzerki edo umoretik datoz. Eta Streepek esan gurako luke aktoreok ez dugula isildu behar, eta gure inguruko bidegabekeriak salatu beharko genituzkeela, imajinatzen dut.
Donald Trump AEBetako presidente berriak aniztasun funtzionala duen kazetari bat publikoki umiliatu izanagatik ari zen. Bai, eta emakumeak berak esan zuen horrelakoak pasatzen uzten baditugu, tankera horretako ekintzak ontzat hartuko direla horren ostetik. Beste batzuek «baimena» sentituko dutela edonor mintzeko… Hala ere, esango nuke gehiago ari zela Hollywood-eko aktore eta prentsari zuzenduta, eurek baitituzte plataforma mediatiko handienak.
Gainontzeko aktoreek ez duzue gizarte honekiko inongo ardurarik beraz? Bai, noski. Baina futbolari ezagunek edo musikari handiek duten ardura bera. Komunikabideetan agertzen den edo publikoki ari den pertsonaia batek noski duela ardura gizarte honetan, eredu izan daitekeelako; onerako zein txarrerako.
Zuk zergatik gura zenuen aktore izan? Gauzak kontatu nahi nituelako. Munduari adierazteko bide bat bilatu gura nuen eta hori antzerkia izan zen. Baina mundu horretan sartuta gizarteari gauza gehiago kontatu gura nizkion, nire hausnarketak, arduratzen nauten gauzak… eta horregatik nire obrak sortu eta zuzentzen hasi nintzen.
Aktore ala zuzendari aritzea nahiago? Biak asko. Aktore lanetan badut ibilbide eta formazioa, baina zuzendari izatera bizitzak eraman nau. Ikastaro batzuk egin ditudan arren, autodidakta izan naiz horretan. Hainbat lan egiten ibili eta batzuetan zuzendari baten beharrizana egon denean nire burua aurkeztu dut obra zuzentzeko.
Zure burua aurkeztu bakarrik ez, Panpin Etxea obra klasikoa zuzentzeko ere eskatu egin dizutelako… Bai, Arriaga antzokiko zuzendari berriek Henrik Ibsen antzerkigile historikoaren obra ezaguna «berpiztu» nahi izan zuten eta horixe zuzentzeko deitu ninduten.
Ez zen lan makala izango mundu mailan hainbeste interpretazio izan dituen klasiko dramaturgoaren bertsio propioa egitea, ezta? Egia aitortzeko, hasieran ez nuen nire burua ikusten Casa de Muñecas (Panpin Etxea) zuzentzen. Nire buruari esaten nion: «Zer egiten dut nik munduan gehien interpretatu den obra baten beste bertsio bat egiten?». Baina niri ez zaizkit aktore ahotsa jartzen dituzten aktore eta obrak gustatzen, besteak beste naturaltasuna eta sinisgarritasuna galtzen dutelako, eta horregatik obra hau interesgarria iruditu zitzaidan naturaltasun horretatik hartu ahal izateko.
Askok historiako lehenengo lan feministatzat hartzen dute obra historikoa, arau matrimonialak eta emakumearen papera gogor kritikatzen dituelako XIX. mendetik. Zuk zein ikuspuntu eman zenion lanari? Seme-alabak eta senarra etxean utzi eta alde egiten duen emakume baten inguruko istorioa kontatzen du obrak. Imajinatu garai horretan horrek ekarri zuen iskanbila! Guk horri eutsiz, gure kontraesanak agerian utzi nahi genituen obra honekin eta gure buruei galdetu: «Zergatik goi-karguetan ez dago emakumerik? Zergatik emakumeak izan behar dira etxeko arduradun? Antzerki munduan emakumeak dira nagusi, baina zergatik ez daude zuzendari lanetan?».
Tira, hori galdetzen ari zara baina obra horretan ere zu zara zuzendari, eta gizona zara… Noski, eta horretara ere joan gura genuen obra prestatzen hasi ginenean. Are gehiago, horixe bera kritikatzen da publikoki ere. Gu gara gure burua «mozten» lehenak. Panpin Etxearena kuriosoa da gainera: antzokiko zuzendariak niri eskatu zidan Ibsenek sortutako obra interpretatzea.
Barkatu, non dago kuriositatea? Gizon batek beste gizon bati eskatu ziola gizon batek idatzitako obra bat ekoiztea. Baina nor da gizon horiek egindakoaren azken interprete? Emakumea. Bizitzan sarri gertatu ohi da hori, gizonezkoek «agintzen» duten munduan emakumea delako azken erantzule. Eta Panpin Etxea baliatu gura genuen eztabaida hori mahai gainean jartzeko.

Orain Francoren bilobari gutuna antzezlanarekin gelditu barik ari zara batetik bestera arrakasta handiz. Hor ere beste moduko kritika bat jartzen duzue taula gainean… Memoria historikoa da gai nagusi. Zehatzago esanda, Franco diktadorearen herentzian euskal gizarteak jasan behar izan duena bistan jarri nahi dugu lan honekin. Ezkutuan dagoen hori eta hain barneratuta ditugun ekintza horiek bistan jarri nahi dira, hain zuzen.
Zer da «ezkutuan dagoen hori» eta «hain barneratua duguna»? Horretarako antzezlana ikustera joan beharko duzue, ezta? (barreka)
Han bestea! Zerbait aurreratzeko moduan izango zara baina! Genozidio hitza erabili behar dugu harago joateko, Euskal Herrian genozidio saiakerak egin izan direlako gure kultura eta hizkuntza desagerrarazteko asmoz. Eta memoria sozial hori oso presente dugu gutariko bakoitzak barnean, nahiz eta ez garen konturatzen. Gizarte gaixo bat dugu, eta zauri sozial horietaz ari gara Francoren bilobari gutuna antzezlanean.
Zer eragingo dio ikusleari obra honek? Trauma batzuen diagnosia egiten dugun unetik, batzuk oso hunkituta irteten dira aretotik, beste batzuk isil-isilik, jasotako guztia barneratu beharrean… Ikusle bakoitzak bere «motxilatxoa» darama, eta eraginak desberdinak dira.
Beste behin, antzerkia eta entretenimendua kritika gogorra egiteko baliagarri. Lehen aktoreen ardurez aritu gara, ezta? Hemen adibide bat. Zelan ez dugu kritikatuko eta hausnartuko guk dakigun bidetik? Bigarren Gerra Mundialaren ostean, Nurenbergo epaiketak egin zituzten Alemanian bertako faxistak epaitzeko. Modu horretan, minak jarraitzen bazuen ere, zauria itxi egin zuten. Eta barkamena eskatu. Baina Espainian Franco ohean hil zen eta inoiz ez dira bere sarraskiak epaitu. Espainiar estatuan 120.000 pertsona inguru desagertuta daude oraindik faxismoaren erruz (Camboyaren ostean marka handiena duen estatua) eta esan bezala, Euskal Herria zapaltzen saiatu dira eta ari dira etengabe. Zelan ez dugu ba hori kritikatuko? Eta zelan ez da gizartea gaixorik egongo ba?
Ikusleak antzerkia ikustetik hunkituta eta berbarik ezin egin irteten direla esan duzu. Zu entzunda bakarrik, batzuk haserre ere irtengo dira… Ziurrenik bai. Baina antzezlanaren asmoa ez da amorrua edo mendeku-gosea sortzea, inondik inora. Modu positiboan eta konstruktiboan proposatu gura dugu gaia, ikusleei esateko: «Gure esparrutik arazo bat proposatu dugu, baina kaka hau orain zuek konpondu behar duzue, gizarte osoaren ardura delako Francoren ostekoak sendatzea».
Hitz egin dezagun herriaz. Bertsotan moduan, gaia jarrita: Galdakao eta antzerkia. (isiltasun une luzea) Uste dut ez dela herri honetako panorama bakarrik, baina Galdakaon behintzat egoera hori nabarmena da… Ea azaltzeko gai naizen.
Ea ba… Lehen Galdakaon ez zegoen kultur etxerik, ez zegoen aretorik eta bereziki herriak antolatzen zituen kultur eskaintza asko. Gogoratzen dut Elexaldeko frontoian egiten ziren umorezko jaialdiak… 700 pertsona inguru batzen ginen han!
Gaur egun aldiz, kultur-ikuskizunetara doan jende kopuruak nabarmen egin du behera. Zer gertatu da zure ustez? Kulturaren kudeaketa administrazioaren esku utzi dela. Kultur eskaintza erakundeen esku uztea nahikoa zelakoan-edo, herritar askok pentsatu zuten ordutik aurrera ez zutela «ezer gehiago egin behar». Orduan herri mugimendu kultural gehienak desagertu egin ziren kultur eskaintza gehiena Udalaren esku utzita.
Baina Udalak urtero hainbat antzerki, musika eta dantza saio antolatzen ditu, eta publikoa oso eskasa izan ohi da… Arazoa ez da publikoarena, ez da herritarrena, ikuskizun horien arrakasta helburu ez dituzten funtzionarioena baizik. Edo langileena eurena baino, euren soldatena da arazoa.
Gai potoloa atera duzu mahai gainera. Azaldu zaitez hobeto, arren. Honekin esan gura dut kultur teknikariek ezarrita dituzten soldatak ez direla ikuskizunaren arrakastan oinarritzen. Antzerki bat ikustera hiru pertsona joan edo 400, berdin-berdin kobratuko dute. Beraz, langileek inoiz ez dute ikusiko herritarrak estimulatzearen beharra ikuskizunez gozatzera joan daitezen.
Baina egiten da publizitatea, buzoietan panfletoak banatzen dira, sare sozialetan… Ez dira nahiko? Nire ustez hor dago arazoa. Hedapen pasibo bat egiten da, baina ez da publikoa lantzen. Horregatik Galdakaon eta herri askotan jendetza galdu da, udaletako teknikariak kultur produktuen erosleak direlako, ez kulturaren sustatzaile. Eta publikoaren emaitza eskas horiekin edozein enpresa pribatutan kalean zaude, ez dituzulako helburuak betetzen.
Kritika baten atzetik ekarpenak etorri beharko lirateke… Noski, horregatik proposatzen dut kultur etxeetako areto nagusiak herriko elkarte, eragile eta zaleen esku uztea. Baina ez orain arte bezala, edozein elkartek saio konkretu baterako aretoa eskatuta eta kito. Herriko dantza, antzerki, musika… taldeei bertan aritzeko malgutasun gehiago emanda, ez bakarrik saioetarako, baizik eta proiektu bat prestatzeko, entseguak txandaka egiteko… Hemen zergatik ez dira egonaldi artistikoak antolatzen, adibidez? Eztabaidak mahai gainean egon beharko luke, ez delako normala kultur eskaintzen publikoa hain baxua izatea eta Torrezabaleko agertoki nagusia, esaterako, urteko egun gehienetan hutsik egotea.