Pako Revueltasek eta Gaizka Chamizok ‘Guridi: Magical Bidaia’ antzezlanean parte hartuko dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Arriaga Antzokia
Arriaga Antzokiak ‘Guridi: Magical Bidaia’ antzezlan musikala estreinatuko du martxoan. Obran, besteak beste, bi galdakoztarrek parte hartu dute: Pako Revueltas zuzendariak eta Gaizka Chamizo aktoreak.
Arriaga Antzokiak obra berri baten estreinaldia egingo du martxoan: ‘Guridi: Magical Bidaia’. Pako Revueltas galdakoztarra izango da antzezlan musikal honen zuzendaria eta beste galdakoztar bat izango da oholtza gainean Revueltasen zuzendaritzapean: Gaizka Chamizo aktorea.
Eneritz Artetxe, Na Gomes, Juanjo Otero eta Karmele Matuzola izango dira gainontzeko aktoreak eta Coro Infantil de la Sociedad Coral de Bilbaoren laguntza izango dute Arriaga Antzokian, baita Christina Gómez eta Borja Alcalde tango dantzariena.
Talde honek Salvaren istorioa irudikatuko du, bideo jokoetan oso ona den gazte batena. Deskargatu duen joko berri hau ordea, zaila egingo zaio, azken helburua enpatia lotzea delako, besteen lekuan jartzeko gaitasuna lortzea eta haiek sentitzen dutena sentitzea, alegia.
«Road movie emozional baten estiloan, gure pertsonaia nagusiak askotariko egoerak biziko ditu, eta horietan ikasiko duena baliagarria izango zaio bidean aurrera egiteko», adierazi dute Arriaga Antzokitik.
Antzezlana martxoaren 9an eta 10ean eskainiko dute eta sarrerak salgai daude Arriaga Antzokiaren webgunean.