Paola de la Cruz: «Nire bizitzako kirola aurkitu dut pandemiari esker»
Paola de la Cruz, trial gidaria
BINKE / 2022ko ekaina
«Nire bizitzako kirola aurkitu dut pandemiari esker»
TESTUA: Leire Regadas Callejo
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Motor baten gainean eta zutik, ibilbide bateko oztopoak gainditzean datza triala. Penalizazio puntuak gehitzen dira akats bakoitzeko, eta motorreko beste kirol batzuetan ez bezala, puntu gutxien lortu duenak irabazten du lasterketa.
Hamaika urte besterik ez zituela motorraren hotsak grina piztu zion. Kirol desberdinetan aritu ostean, trialaren munduan murgildu zen Paola de la Cruz (Galdakao, 2009) duela bi urte. Ordutik, bera eta bere motorra banaezinak dira. Lehen momentutik podiumera igotzea lortu du, lehen postutik geroz eta gertuago dagoen galdakoztarrak.
Txikiatik izan duzu kirolekin harreman estua. Baina, kontaiguzu, nolatan hasi zinen trial egiten? Pandemian zehar bururatu zitzaidan. Ordura arte igeriketa sinkronizatua egiten nuen, baina orduan igerilekuak itxita zeuden eta entrenatu egiten genuen, baina uretatik kanpo. Ez zen gauza bera. Beraz, beste kirol batzuen bila hasi nintzen. Beti izan ditut gustoko motorrak eta gurasoei motokrosa egitea proposatu nien. Noski, arriskutsuegia iruditu zitzaien eta alternatiben bila ibili ondoren, triala aurkitu genuen. Hamaika urte nituen honetan hasi nintzenean. Bi urte eman ditut dagoeneko eta pozez zoratzen nago. Beti esaten dut ez dagoela berri onik ekartzen ez duen berri txarrik, pandemiari esker nire bizitzako kirola aurkitu dudalako.
Atzera egin dezagun; aipatu duzu igeriketa sinkronizatua egiten zenuela. Ezohiko kirola hau ere… Guztiz kasualitatez murgildu nintzen horretan. Igerilekuan nenbilen uztai batekin jolasean, eta antzeko kirolen bat probatu nahi nuela bururatu zitzaidan. Orduan ez nekien kirol hau existitzen zenik ere. Lehiatzea ere proposatu zidaten, baina horrek taldez aldatzea suposatzen zuen, beraz, ezetz esan nuen. Lehiatu ahal izateko nire lagunekin entrenatzeari uko egin behar banion, ez zitzaidan interesatzen. Niretzat bigarrenak garrantzi handiagoa du.
Eta hamaika urte besterik ez zenituela, lehendabizikoz motor bat gidatzen hasi zinen; ia zu baino handiagoa izango zen! Trialeko bideoak ikusterakoan hura praktikatzeko gogoa eman zidan. Aurretik, aitak Artxandara eraman ninduen nola entrenatzen zuten ikustera. Txingorra gogor jausten zen eta dena lokatzez beteta zegoen. Aitak uste zuen gogoa kenduko zitzaidala eta alde egin nahi nuela, baina niri gero eta gehiago gustatzen zitzaidan ideia. Beraz, azkenean motor bat erosi zidaten. Kalean probatu aurretik, kutxa batzuen gainean jarri genuen, motorra abiatu gabe enbragea eta martxak probatzeko. Baina berehala atera nintzen kalera zelai batean frogak egiteko eta, egia esan, azkar moldatu nintzen.
Agerikoa da, bai, azkar moldatu zinela! Hasi eta sei hilabetera bigarren postua eskuratu zenuen eta Cantabriako zirkuitoan! Gainera, ez zen batere erraza izan… Ufa, bai, ez dut ukatuko gogorra izan ez zenik. Kategoria altuago batean lehiatu behar izan nuen, ez baitzegoen lehiaketarik nire mailarako. Zirkuitu luzea izan zen, lau ordukoa. Normalean, laguntzaile batekin joaten zara beti, motxileroekin, nire kasuan aitarekin joaten naiz. Baina orduan aitak ezin izan zuen erritmoa jarraitu eta bakarrik bukatu behar izan nuen lehiaketa. Eskerrak lankideek lagundu nindutela une batzuetan ura eta gasolina emanez, asko eskertzen diot Aitorri azken zatian nirekin egon izana. Bestela, ezin izango nuke bigarren postua eskuratu. Triala banakako kirola den arren, laguntasun handia ere badago.
Zein da laguntzaileen edo motxileroen garrantzia? Berebizikoa da motxileroen laguntza, nire kasuan, nire aitarena. Zirkuitu berean eremu desberdinak daude lehiatzen den kategoriaren arabera, erraza da despistatzea eta zurea ez den ibilbide batetik joatea. Noski, horrek puntuak gehitzen ditu, penalizatzen du. Niri gustatzen zait aitak bidea aurretik markatzea, oso lagungarria zait. Baita, tarte zailetan babesa izateko, erortzerakoan altxatzen laguntzeko, animatzeko, ura edota janaria emateko…
Nola daramazu kirol honetan neska eta gaztea izatea? Oro har, neska gutxi dagoen kirola da. Nire inguruan trial egiten dudala esaten dudanean, badago harritzen den jendea. Nire ustez, batzuek oraindik pentsatzen dute kirol hau mutilentzako dela. Ni gustura nago, ez naiz neska bakarra, beste hiru lagun ditut. Neska erreferenteak ere badira; Berta Abellan edo Daniela Hernando, esaterako. Azken honek nire adina du gutxi gorabehera eta asko ikasi dut harengandik.
Zer da garrantzitsuena trialean aritzeko? Ba, hasteko, oreka behar da; konplikatua izango litzateke bestela, motorrean zutik gaudelako. Indarra izatea ere garrantzitsua da. Baina, jakina, buruak ezinbesteko papera jokatzen du. Nire kasuan, lehiatzen ari naizenean baldin badakit zein postutan nabilen deskontzentratu egiten naiz, nahiago dut neure kabuz joan eta azkenean emaitza jakitea.
Euskal Herrian kirol minoritarioa da triala. Zure pasioa den heinean, zein hutsune antzematen dituzu? Zaila da entrenatzeko tokiak topatzea, legezkontrakotasunean erori gabe. Egoera arraroa da, nik dudan adinarekin legeak ez dit uzten 125eko motor bat eramaten. Entrenatzeko toki bakarra Artxandan dago. Nire kasuan, Kantabrian federatuta nago, hemen zirkuituren bat dagoen arren entrenatzeko ia lekurik ez dagoelako. Erraztasun gehiago nahiko nituzke.
Noiz izango duzu hurrengo erronka? Ba laster, uztailaren 3an beste lehiaketa bat izango dut. Oso gogotsu nago eta lehen postua bilatzera joango naiz. Entrenatzen emango ditut datozen asteak eta trial kanpus batera ere joango naiz. Hurrengo urteetan trial egiten jarraitzea da nire helburua, hau da nire pasioa eta ahal dudanera arte burubelarri ibiliko naiz honetan.