«Paper usaina», Joanes Urkixo
Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2022ko urtarrila
Paper usaina
Urte hasiera orotan, Erregen inguruan, haurtzaroko oroitzapenak etortzen zaizkit gogora, nahi eta nahi ez. Erregenetako nire argazkian, Meccano, metraileta, indiar, bakero eta halako sortaren erdian, tronuan, liburuak daude. Argazki bizia gainera, zirrara batekin baitator —liburuok hartzera nindoan uneko esku dardara hura— eta usainarekin ere bai, paper usainarekin, alegia.
Munduan asko legez, liburu zaleak apalategiak betetzen ditu eta, halakoan, lekurik gabe geratzen da. Nire kasuan, liburu elektronikoa arazoa konpontzera etorri zen. 2008an iragarri zuten hamar urteren buruan digitala erabat nagusituko zela paperezkoa neurri nimiñotara baztertuz. Eta aurreneko urteetan hala izan zen, baina 2015ean gauzak aldatzen hasi ziren: paperezkoak gora egin zuen berriro eta harrezkero ez da gelditu mendebaldeko mundu osoan; digitala, berriz, Asian nagusitu bada, Europan neurri xumetan mantentzen da eta EEBBetan nahikotxo jausi da berriro.
Liburuaren aldaketa teknologikoak gurean izan duen porrota azaltzeko ohiturari dagozkion arrazoiak darabiltzate. Paperezkoak jabetzaren sentsazioa hobeto betearazten ei du, objektu fisikoa izanik mailegatu, edo oparitu, edo birsaldu egin ahal delako, digitala berriz ezin delarik ezta euskarri guztietan irakurri. Beste arrazoi batek esperientzia sentsorialari dagokio, eta hemen hasierako hartara itzultzen gara: usaina, ukimena, apalek liburuz gainezka emandako etxekotasuna… hurrean garenaren atal funtsezkoa dira. Aitortuko dut nik, lantzean behin, e-book gailua itxi eta liburu bat hartzen dudala eskuetan, ukitu eta usaindu ahal izateko baino ez.