«Pazko-mokotsa», Manu Etxebarria
Gure berbaz
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2023ko apirila
Pazko eguna, kalendario Gregorianoko jairik handienetakoa da. Urterik urte, egun aldakorra da ilargiaren arabera. Aiko. Martiko ekinokzioaren jarraian datorren ilargi betea kontutan hartuta, hurrengo domeka izango da beti Pazko eguna. Egun horretatik aste bete atzerago, Erramu eguna da eta atzeragoko berrogei egunak, Garizuma, Hauts-egunerarte eta bezperan, martitzen-aratuste. Jai hau aukeratu eban Eleizeak Pazkoazkoaz betetze-agindurako. Pazko eguneko ohitura polit bat hauxe zan. Aitabitxi-amabitxiak euren besoetakoei egiten eutsien oparia, mokotsa, morrokotea edo arrautzopila izaten zan. Pazkoa bezperako labesuan, artoak eta ogi mota ezbardinekaz batera, hiru puntako pamitxa bat egiten zan, erdian arrautza jaiobarri bat sartu eta beste errari guztiekaz batera labe-ahotik hur sartu zein erre. Mokotsari sorots egiten jakon eta bere tertzioan labetik atera labe-pareagaz. Umetan pozik hartzen genduan Pazko-mokots oparia eta lehenengo erdiko arrautza jaten genduan eta gero ogia. Oparia ez zan handia baina berak emoten euskun poza bai. Konformitatea zer dan e! Gaur ez dago lehengorik. Baina lehen zein orain, norbera izatea da bidea eta ez opari lar eukitea.