Pedro Asua fusilatu galdakoztarraren gorpuzkiak atera dituzte Jakako hobi batetik
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Galdakaoko Udala
Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Huescan fusilatutako Pedro Asua galdakoztarraren familia buru dituen talde bat Jakan dago, gaur goizean desobiratu baititu Aranzadi Zientzia Elkarteak Asuaren gorpuzkiak, familiari emateko. Jakatik bertatik iritsi zaizkio Binkeri bere webgunean batutako argazkiak.
Abenduaren 10ean Jakako Udalarekin hasitako lana amaitzen ari da Galdakaoko Udala, Pedro Asua miliziano galdakoztarraren senideek hala dokumentatuta eta eskatuta, erakunde galdakoztarra inplikatu egin delako gudariaren gorpuzkiak Jakako hobi komun batetik ateratzeko beharrean. Lan hori Aranzadi Zientzia Elkarteak exekutatu du, eta Gogora Institutuaren zein Galdakao Gogoraren laguntza izan du Galdakaoko Udalak lan horretan.
Gaur goizean, otsailak 25, atera dituzte 1938ko otsailaren 7an Huescan fusilatu zuten Pedro Asuaren gorpua. Urri erdialdera galdakoztarrarenak izan zitezkeen gorpuzkien exhumazioa egiten aritu ziren, eta «dokumentazio historikoa baliatuz aurkitu eta berreskuratu da Pedro Asua Zubiaurren gorpuzkia». Berea dela ziurtatuta, Aranzadiko kideek gaur atera dute galdakoztarraren gorpua, eta senideen esku utzi da.
Lan horien amaieran Jakako hilerrian bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Ander Aperribai Galdakaoko Udalak lan honen ikerketarako kontratatutako historialari galdakoztarra, Ruth Cancelo Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikaria eta Jakako udalbatzako zenbait kide. Desobiratze lanak egiten Lourdes Herrasti eta Pako Etxeberria izan dira Aranzadiko lankide eta ordezkari.
Pedro Asua Zamalloa
Pedro Asua Zamalloa galdakoztarraren berri sarri batu du Binkek bere edukien artean, tartean Jakara Galdakaoko Udalarekin eta Asuaren senideekin batera egindako bidaiaren lekuko izan zen bideoa dela, baina hauxe da fusilatutako galdakoztarraren biografia laburra:
Pedro Asua Zubiaur (1916/03/13 Galdakao – 1938/02/07 Jaka) Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa izan zen. Atxilotu zutenean, Langileen Batailoietan derrigorrezko lanak egitera behartu zuten, lehenik Asturiasen eta ondoren Jakan. Salaketa batzuen ondorioz, Gerra Kontseilu batek epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zion, eta Jakan fusilatu zuten 1938ko otsailaren 7an. ‘El eco de las descargas. Adiós a la esperanza republicana’ Esteban C. Gomezen liburuak Jacako hilerriko hobi batean fusilatu eta hainbat pertsona lurperatu izanaren inguruabarrak jasotzen ditu.
Pedro Elexaldeko (Galdakao) Aldatze baserrian jaio zen, gerra piztu zenean 20 urte zituela, postari lanpostu bat lortzeko ikasten ari zen Postetxean, eta bera eta bere bi ahizpa txikiak umezurtzak ziren aita-amengandik.
Orain, bere gorpuzkiak familiaren esku direla, Galdakaoko Elexaldeko hilerri ondoan martxoaren 19 eguerdian egingo den ekitaldi publiko batean hilobiratuko dira.