Pello Otxandianok Galdakaoko eredu politikoa balioan jarri zuen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EH Bildu
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak solasaldia eskaini zuen martitzenean Torrezabal Kultur Etxean. Honetan, Galdakaoko eredu politikoa balioan jarri zuen, «ezberdinen arteko adostasunaren bidez eta elkarlanean gobernatzen den herria» dela nabarmenduz.
Kanpaina ofizialki oraindik abiatu ez den arren, alderdiak hasi dira honezkero apirilaren 21ean antolatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak prestatzen. Pixkanaka-pixkanaka zerrendak aurketzen joan dira eta proposamenak azaltzeko ekitaldiak ere egiten ari dira.
Martitzenean, martxoak 19, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia izan zen Galdakaon. Politikariak solasaldia eskaini zuen Torrezabal Kultur Etxean dozenaka lagunen aurrean eta alderdiaren proposamenak azaldu zituen.
Galdakaoko eredu politikoa balioan jarri zuen Otxandianok, «ezberdinen arteko adostasunaren bidez eta elkarlanean gobernatzen den herria» dela nabarmenduz. «Ziklo politiko berrian ezinbestekoa den politikagintza hau beste maila instituzional batera eraman behar da», adierazi zuen bere sare sozialetan saioaren ostean.
ETB-ri eskainitako adierazpenetan azaldu zuenez, «politika honek zerbitzu publikoetan eraginkortasuna ematen du, eta baita konpromisoak betetzea ere».
Solasaldia eskaini baino lehen Iñigo Hernando alkatea eta Galdakaoko EH Bilduko beste hainbat kiderekin batzeko aukera izan zuen Otxandianok, udaletxean egindako bileran. Honetan «gure politika egiteko modua» erakutsi zioten.
«Zorterik onena opa dizugu Pello datorren apirilean ospatzekoak diren hauteskundeetarako. Berdinen arteko euskal errepublika feminista eta euskaldun baten bidean, nahitaezkoa dugu norazko aldaketa bat egitea», adierazi zuten Galdakaoko EH Bildutik.