Peña Santa Cruzek Samsara Nepal elkarteari eman dio elkartasun pintxoarekin lortutako dirua
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Peña Santa Cruzek Jardunaldi Mikologikoak antolatu zituen beste behin iazko azaroan, eta urtero egiten duen elkartasun pintxoarekin 1.584 euro batu zituen. Egitasmoarekin bildutako dirua proiektu bati eman ohi dio eta azken edizio honetan Samsara Nepal elkarteari eman dio.
Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 55. edizioa antolatu zuen Peña Santa Cruzek azaroan Galdakaon eta honen baitan hainbat ekintza eskaini zituen. Bestak beste, urtero egin ohi duen elkartasun pintxoen dastaketa antolatu zuen elkarteak.
Dastaketa honetan bildutako dirua proiektu bati eman ohi diote eta aurten Samsara Nepal elkarteari eman diote. Entzumen eta ikusmen arazo larriak dituzten haurrekin egiten du lan, batik bat, Samsara Nepal elkarteak, eta 2015ean Nepalen izandako lurrikararen ondoren sortu zenetik, dozenaka haur eta gazte operatzea lortu du. Ordenagailuak ere eraman ditu, eta itsu nepaldarrentzako ordenagailuak sortu ditu ere.
Proiektuaren sortzaile eta buru den Bea de Francisco galdakoztarrak «orain arteko bidetik jarraitzeko asmoa» adierazi du eta «pozarren» hartu zuen 1.584 euroko ekarpena Peña Santa Cruzeko ordezkarien eskutik eguaztenean, urtarrilak 31.
Agerraldian «sutsu» eskertu zien laguntza peñari, Galdakaoko Udalari eta bertoko herritarrei ere, «urtero erakusten duen eskuzabaltasunagatik». «Munduko herri onenean bizi naiz», nabarmendu zuen.