Pertsona migratuentzako orientazio saioak eskainiko ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Meeko
Galdakaon bizi diren pertsona migratuei euren egoera arautzen eta egonkortzen laguntzeko helburuz, hauei zuzendutako orientazio saioak eskainiko ditu Galdakaoko Udalak otsailaren 20tik martxoaren 13ra. Lau hitzordu izango dira eta hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Galdakaoko Udalak herrian bizi diren pertsona migratuek euren egoera arautzen eta egonkortzen lagundu nahi du eta horretarako, informazio eta orientazio saioak eskainiko ditu datozeen asteetan. «Herritar guztiek euren eskubideak bermatuta izanda, Galdakao elkarbizitzarako oinarriak sendotuta dituen herri gisa lantzea da egitasmoaren helburua», Udal Gobernuak azaldu duenez.
Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxearekin elkarlanean antolatu dira saioak eta guztira lau izango dira, guztiak doakoak. Hemen batu ditugu hitzorduen data eta tokia:
-Otsailak 20, martitzena, 10:30etik 12:00etara, Torrezabal Kultur Etxean: Tituluen homologazioa. Ikasketen baliokidetasunari, herritar etorkinen aintzatespen profesionalari eta gida baimenaren homologazioari buruzko informazio eta pauta konkretuak emango dira, Kosmopolis elkartearen eskutik.
-Otsailak 27, martitzena, 11:30etik 13:00etara, Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxean: Ziurtagiri digitalak. Sistema digitalaren bitartez, administrazio publikoarekin harremanetan jartzeko oinarrizko jarraibideak emango dira, Gaztaroa-Sartu elkartearen eskutik.
-Martxoak 5, martitzena, 10:30etik 12:00etara, Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxean: Osasun sistemarako sarbidea. Pertsona migratuak euskal osasun sistema publikoan sartzeko oinarrizko jarraibideen inguruko azalpenak emango dira Munduko Medikuak elkartearen eskutik.
-Martxoak 13, eguaztena, 11:30etik 13:00etara, Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxean: Atzerritartasun orokorra. Atzerritartasunaren edo nazionalitatearen arloan oinarrizko informazioa ematea eta baimenak tramitatzeko alde praktikoak ezagutzea izango da saioaren helburua. Biltzen Gizarteratze eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuak zuzenduko du saioa.
Saioetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da eta 688624752 edo 944010563 telefono zenbakietara deituz egin daiteke.