Pirritx, Porrotx eta Marimotots: «Bizitza ez da urteetan zenbatzen, abenturetan baizik»
Pirritx, Porrotx eta Marimotots, pailazoak
BINKE / 2016ko maiatza
«Bizitza ez da urteetan zenbatzen, abenturetan baizik»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia beteko duen bermea emango duen saiorik badago, zalantza barik Euskal Herriko pailazorik ezagunenek emango dute. Maiatzaren 7an izan ziren gurean eta bertaratutako guztiak maitasunez bete zituzten beste behin.
Koloretako kamioia Torrezabalen atzealdean aparkatu eta eurekin zetorren lantalde handiak ikuskizuna prestatzeari ekiten zion bitartean hartu gaituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek besoak zabalik. Musu eta alaitasunen artean, izan zuten gai serioez ere aritzeko tartea. Hori bai, ezinezko zaie herrira zenbatean etorri diren zenbatzea!
Galdakaorako bidea erraz ezagutuko duzue dagoeneko! Zelan ez dugu ba zuen herrirako bidea ezagutuko! Urte asko dira Galdakaora gatozela, baina ez galdetu zenbat aldiz etorri garen! Buf! Frontoian, kiroldegian, Torrezabalen, ikastolan, Plaza Gorri handi honetan… eta beti oso gustura, etxean bezala! Plazerra da horrela Galdakaora etortzea!
Eta lagun onak izango dituzue, ezta? Hainbeste urteren ostean, gaur da eguna galdakoztar gazteak ere izaten ditugula gurekin dantzan, eta noski, lagun onak ditugu bertan. Zuenera etorritako bisitengatik bakarrik ez ditugu lagun onak egin, jakingo duzuen bezala geuk haur guztiekin dugu konpromiso handia eta bereziki txarto pasatzen ari direnekin. Horietako batzuk kartzelan daude bere gurasoekin, eta guk eurei ere bisitak egiten dizkiegu, gutunak bidali, oparitxoak urtero… horrelako harreman batetik ere sortu genuen familia galdakoztar batekin dugun tratu ederra.
Usansolorekin ere baduzue harremanik? Bai horixe! Usansolorentzat bideo bat egin genuen, haien eskakizunak gureak eginez eta bultzatuz. Jaio ginenean euskara eta alaitasuna izan baziren gure oinarria, balore horiei beste batzuk gehitu genizkion bidean. Euskaldunak mundu mailan garrantzitsu bagara, gure hizkuntza eta herriagatik dugun konpromisoagatik ere bada. Txikiak gara munduan baina balore handiak eskaintzen dizkiogu nazioarteari. Horrek, besteak beste, beste txikitasun batzuekin sentsibilitate eta lotura izatera eraman gaitu.
Hala ere, zuek orokorrean duzuen sentsibilitateak ez du parekorik! Azken finean, profesionalizatu bagara ere, herrigintzan jaio ginen eta herrigintzan jarraitzen dugu. Ezin dugu ahaztu herria eta herria osatzen dugunok direla gure arnasbide. Herri mugimendu eta borrokatxo desberdinekiko sentsibilitatea badugu, pertsonekin ere bai. Horregatik dugu hainbesteko harreman haurren gaixotasunen inguruko elkarte desberdinekin ere, haur transexualen elkartearekin, ospitalean daudenekin… Denei ematea saiatzen gara, baina geuk ere asko jasotzen dugu eurei esker.
Zer jasotzen duzue eurei esker? Maitasun izugarria jasotzeaz gain, lezio garrantzitsuak jasotzen ditugu gaizki pasatzen ari direnei esker. Haurren minbizia lantzen duen elkartearekin, adibidez, argi ikasi dugu umorea txiste edo barre algara bat baino askoz gehiago dela. Umorea jarrera bat da bizitzan; jarrera baikorra, positiboa eta eraikitzailea, zeinek gainera, egunero jaiki eta aurpegian irribarre eder bat zintzilikatzera eramango zaituena. Umoretik beraz, ekarpen asko egin daitezke eta mundu hobe bat txikien eskutik etorriko denez, umeei balore horietan hezi behar zaie, baita gaixo daudenei ere, umoreari esker arinago osatuko direlako.
Gure herrian ere ume asko sufritzen ari dira, gaixotasunagatik batzuk edo zer jan ez dutelako beste batzuk. Zer esango zeniekete guzti horiei? Esan baino lehenago haiekin egon behar dugu. Haiengana hurbildu eta zer bizi duten entzun, euren altueran jarri behar dugu eta senideei babesa eman. Jakin dezatela hementxe gaudela, eta zergatik ez, geuk lagunduko diegula bizitzaz gozatzen; Ane Piratak erakutsi zigun bezala, bizitza ez delako urteetan zenbatzen, abenturetan baizik. Garai txar horiek pasa ostean, abentura horretatik irten orduko, lehen baino indartsuago eta bizi-biziagoak izango dira. Aupa eurek, katxiporreta!
Amaitzeko, botako diguzue herriko gaztetxo guztientzat aupadatxoa? Aupa herrigintza! Aupa irrigintza! Aupa euskalgintza! Eta gora galdakoztar eta usansolotar pirata guztiak! Zer gurago dituzte, marrubizko ala txokolatezko musu goxoak? Berdin da! Geuk denak bidaliko dizkiegu Binkeren bitartez! Jujuju!