Rexcatering proiektuak Innovation In Politics saria irabazi du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Zero Zabor fundazioa
Zero Zabor fundazio galdakoztarrak jantokietako soberakinak modu seguruan berreskuratzeko Rexcatering proiektua jarri du martxan Etxebarrin. The Innovation in Politics institutuak urteko proiektu onena izendatu du, ingurumena babesteko kategorian.
The Innovation in Politics institutuak Europako administrazio publikoen proiektu onenen zerrenda egiten du urtero eta aurten Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak bultzatutako Zero Zabor fundazioak Etxebarriko Udalarekin batera martxan jarritako Rexcatering izendatu dute urteko proiektu onena.
Pasa den egunean, maiatzak 11, jaso zuen Zero Zabor Fundazioak saria, Varsoviako Kultur Jauregian egindako Nazioarteko Konferentzian eta Sarien Galan. Rexcatering ekimena Alvaro Saizek eta Ainhoa Crespok bultzatutako ekimena da, eta, azken hau ezin izan zen Varsovian egon.
Saizek bai parte hartzeko aukera izan zuen, eta Loren Oliva Etxebarriko alkatearekin batera izan zen. Egun horretan zehar, udalerrian martxan jarritako proiektuaren nondik norakoak azaldu ahal izan zizkieten nazioarteko elkarteen ordezkariei.
«Eskerrak eman nahi dizkiogu prozesu osoan zehar gurekin egon den David Leal Espainiako ordezkariari, eta onena opa diegu lehiaketan finalista izan diren Estatuko gainerako udal eta erakundeei, haiekin ideiak eta hobetzeko proiektuak partekatzeko aukera izan baitugu: Madrilgo Udala, Burgosko Udala, Espinosa de los Monteroseko Udala, Valentziako Generalitatea eta Alacanteko Udala», adierazi dute Zero Zabor Fundaziotik.