
Richard Gomez: «Kirolak hazten eta gure mugei aurre egiten laguntzen digu»
Richard Gomez, Euskadiko Triatloi Federazioko presidentea
BINKE / 2025eko uztaila
· Richard Gomez Rugama
1969, Galdakao
Soro-administratzaileen arloan lan egiten du gaur egun, baina kirol munduan da ezaguna, triatloian zehazki. Bi ultraman eta 13 ironman burutu ditu eta lan handia egiten du gazteen eta inklusioaren alde Galdakao Triatloi Taldetik. Orain Euskadiko Triatloi Federazioko presidentea da, iazko azarotik.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta Richard Gomezek bidalitakoak
Galdakaon kirol munduan soberan ezaguna da Richard Gomez. Triatloietan parte hartu ohi du eta Galdakaoko Triatloi Taldeko kidea da, non lan handia egiten du gazteen eta inklusioaren alde. Duela hilabete batzuk ordea, kargu berri bat hartu zuen herritik kanpo, Euskadiko Triatloi Federazioko presidentearena. Triatloiaren egoeraren eta federazioaren erronken inguruan hitz egin digu galdakoztarrak.
Hiru kirolen diziplina da triatloia. Ez dakienarentzat, zeintzuk dira hiru kirol horiek? Igerian hasten gara, gero bizikleta egiten dugu eta helmugara korrika sartzen gara.
Zu triatloian aritzen zara. Badago hiru kirolen artean gehiago gozatzen duzunik? Niri gehien gustatzen zaidana oinezko lasterketa da. Lehiaketa ondo kudeatzen dudala uste dut eta horrek oinezko lasterketa on batekin bukarazten nau.

Zure semeek triatloia maite dute? Bai, Enetzek, down sindromea duenak, ez du galtzen parte har dezakeen frogarik. Uste dut ona dela gizarteari gai dela erakustea, harro nago egin dugun lanarekin. Egun batean, sare sozialetan, down sindromea zuen haur bat izan zuen familia baten mezua jaso nuen, gaizki pasatzen ari zirela azalduz. Nirekin hitz egin nahi zuten, Enetzekin nola egin genuen ikusteko. Sare sozialetatik ezagutzen zuten. Gaur egun familia hori ni bezain zoriontsua da bere seme Hodeirekin. Nirr seme Urtats ere igeriketan buru-belarri dabil, Espainiako txapelketetan zazpi domina lortu baititu dagoeneko. Triatloia egin du ere eta zale amorratua da.
Zer transmititzen diezu seme zein gainontzeko kirolari gaztetxoei? Kirola bizitzeko modu bat dela esaten diet. Diziplina, ahalegina, sakrifizioa, konstantzia eta gainditzea irakasten dizkizu. Kirolak zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, zure mugei aurre egiten, eta talde-lana balioesten du, nahiz eta banakako kirola izan. Balio asko irakasten ditu, eta hazten laguntzen du, kirolari gisa ez ezik, pertsona gisa ere.

Galdakaoko Triatloi Taldetik lan handia egiten ari zarete txikienekin, eskolarekin. Zenbat kide ditu dagoeneko? Orain dela lau urte eman genuen pausoa eta 27 txikitik 62ra pasatu gara. Oso polita da hazkunde hau eta txikiek duten ilusioa ikustea.
Gero eta gehiago haztea espero duzue? Uf, zenbakiek beren kabuz hitz egiten dute. Ezin diogu inori esan ezin dela eskolan sartu, baina zaila da hainbeste txiki kudeatzea. Laguntza handia behar da, eta gero eta zailagoa da beren denbora gauza horietan eman nahi duten pertsonak aurkitzea. Nik diodan bezala, boluntariotza desagertzeko zorian dago.
Triatloi talde galdakoztarra lan handia egiten ari da ere inklusioaren alde. Zergatik da garrantzitsua? Dakizuenez, down sindromea duen seme bat dut, eta egoera honek abandonatuta dagoen eta gizartean nire ustez merezi duen tokia ez duen kolektibo batez inguratuta egotea eragin dit. Hori dela eta, gogotsu nago, eta probak eta lehiaketak antolatzen ditut desgaitasuna duten pertsonentzat. Gizartearen zati oso garrantzitsua dira, eta denoi pertsona hobeak egiten gaituzten balioak erakusten dizkigute. Niretzat oso berezia izan zen igeriketa inklusiboko txapelketa, BINKE ere han izan zela. Han gertatutakoaz pentsatuta ere hunkitu egiten naiz.
Kirolean eta gizartean orokorrean gero eta inklusiboagoak gara baina, asko dago egiteko oraindik, ezta? Inklusiboak bagara, baina ez du balio esateak, jardun egin behar dugu. Beti esaten dut denok dugula erantzukizun sozial bat, eta pauso bat aurrera eman behar dugula.

Duela hilabete batzuk izendatu zizuten Euskadiko Triatloi Federazioko presidente. Nolakoak izaten ari dira lehen hilabeteak? Oso zailak izaten ari dira, lan eta neke handikoak, bizi duen egoera zailagatik.
Nola heldu zitzaizun federaziora heltzeko aukera? Zein egoeratan zegoen ikusi nuen, eta erantzukizunagatik, ezin genuen beste alde batera begiratu. Hitz egin nuen proiektua babesteko pertsona talde batekin, eta urratsa eman genuen.
Hauteskundeetan ez zen beste hautagairik aurkeztu. Zergatik uste duzu gertatu zela? Bai, beste pertsona bat aurkeztu zen, baina ni aurkeztu nintzela jakitean, bere hautagaitza erretiratu zen, eta egin nuena nire lan taldean sartzea izan zen. Denok bat egiten dugu.
Federazioa momentu zailetan zegoela esan zenuen kargua hartzean. Zein zentzutan? Ekonomikoki zor handiarekin dagoelako, eta gero kirol arloan eta instituzionalki ere ez oso aintzatetsita. Euskal Federazioa egon behar duen tokian kokatu behar dugu.
Zeintzuk dira zure helburuak federazioan? Oso errazak dira eta sen onekoak, jajaja. Behar duen gihar finantzarioa berreskuratzea, proba kopurua handitzea eta bai estatu mailan bai nazioartean Euskadi bezala lehiatu ahal izatea.
Eta erronka nagusiak? Ofizialtasunaren aitortza izan, baina horretarako, eldarnio guztiak behar ditugu.
Gazteekin egin beharreko lana azpimarratu duzu ere helburuen artean. Nola lortu daiteke harrobi sendo bat osatzea? Triatloi eskolekin. Hemen Galdakaon eskola bat daukagu, 27rekin hasi ginen eta orain 62 gaude guztira. Honek gauzak ondo egiten ari garela frogatzen du, eta batez ere, triatloia erakargarria eta ikusgarria dela. Euskadin inoiz ez da egin hainbeste proba gazteentzat.
Zein garrantzia dute klubek egiteko honetan? Uste dugu klubekin lan gehiago egin behar dugula, eta parte-hartze handiagoa bilatu behar dugula. Klub batzuek proba handiak antolatzen dituzte eta horrek egiten du handi federazioa. •
