Ruper Ordorika: «Lehen diska Galdakaon grabatu nuen»
Ruper Ordorika, musikaria
BINKE / 2021eko otsaila
«Lehen diska Galdakaon grabatu nuen»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Ruper Ordorika musikari historikoak kontzertua eskaini zuen otsailaren 11n Galdakaon, eta Binkek berarekin egoteko aukera izan zuen, tartean, bere lehen diskoa gurean grabatu izanaz eta Torrezabal inauguratu berritan kontzertua eskaini zuen garaiaz solasean aritzeko.
Urtarriletik hasi eta maiatzera bitartean Torrezabal Kultur Etxean 21 ikuskizun eskainiko zituela iragarri zuen Galdakaoko Udalak. Nogen, «Kutsidazu bidea Ixabel» musikala, «Porno vs Afrodita» antzezlan musikatua eta «Lurrun minez» edo «Etxerik txikiena» antzelanen neurriko emanaldiez gain, Ruper Ordorikaren kontzertua iragarri zuen otsailaren 11rako. Kontzertu horren aurretik kamerinoan izandako solasaldia duzu hau.
Gazte zinela Galdakorekin lotura handia izan zenuela entzun dugu. Bai, hala da, lehen diska hemen grabatu genuen! Xoxoa izeneko estudioan ekoitzi genuen «Hautsi da Anphora, egun gutxitan. Gauza handia izan zen hura, mundu ezezagun bat 24 urte besterik ez zituen gazte batentzat.
Zelan gogoratzen dituzu garai haiek? Egia esan ez dut garai hartako oroitzapen handirik, Galdakori dagokionean behintzat. Hortik eta urte batzuetara Basaurin bi urtez bizi, eta orduan lortu nuen gertutasun bat Galdakaorekiko, ez aurretik. Bilbo inguruko herri handi hauek plaza apartak ziren musikarientzako garai haietan, azken urteetan hori dena asko zentrifugatu badu ere hiri handiak. Galdakao, Zornotza, Basauri, edota Barakaldo bera; nire barrenean gordeak ditut hauetan guztietan izandako bizipen, ikusitako emanaldi zein eskainitako kontzertuak.
Zerbait nabarmenduko zenuke zure ibilbideko lehen urte haietaz? Musikari handiz beteriko garaiak zirela azpimarratuko nuke, hauek denak konpromezu handikoak, gainera. Niri dagokidanez, esaterako, badut gogoan Gasteiztik etortzen nintzela hona egunero garai hartako taldearekin. Aurretik aipatu dudan «Hautsi da Anphora» diskaren ekoizpena egin zuen Jean Phocas, adibidez, batzuetan Galdakaon lo egiten bazuen ere, bazeuden egunak hemen goizeko ordu bietan grabaketaren zati batekin bukatu eta Senperera itzuli behar izaten zuela, gauez…
Galdakora aspaldi etorri barik? Azkeneko aldiz duela 15 bat urte egon nintzela esango nuke, bertan jotzen. Akordatzen naiz Torrezabal Kultur Etxea eraiki berria zela, eta «Memoriaren mapan» diska aurkeztu nuen egun hartan, kontrabaxu baten laguntzaz. Gogoan dut oraindik Lekeition bazkaldu nuela hona etorri baino lehen, Mikel Laboarekin. Ez naiz geroztik hona itzuli, edozer jota ere berria izango da ziurrenik gaur gerturatuko diren entzuleentzat.
Aldatuta ikusiko zenuen herria! Oso aldatuta! Oroitzen nuenaren aldean behintzat. Goitik sartu gara, eta elizaren eta honen inguruko etxe zahar batzuen erreferentzien laguntzaz lortu dut herria hein batean ezagutzea, kostata. Hauek ikusi ezean non nengoen ere ez nuke jakingo!
Torrezabaleko sarrerak agortu dituzu, pozik emaitzarekin? Tira, orain sarrerak leku guztietan agortzen dira (barreka). Tamalez, egoera honetara halabeharrez moldatu nahian, antzokietako ikusle kopuruak erdira jaitsi eta ohikoa bihurtzen hasia da hauek «beteta» ikustea. Sasoi hauetan noizbehinka jotzeak pozten gaitu, baina beste parametro batzuetan mugitzen da dena, eta gu ere ikasten gabiltza. Torrezabal bezalako antzokiak arnasguneak dira musikariontzat garai hauetan.
Zelan bizi duzu pandemiaren egoera hau, pertsonalki? Gora-behera handiekin. Esku artean nituen hainbat kontu eten, eta beste bizimodu batean murgildu behar izan nintzen, ez zitzaidan erraza egin. Bertsolariek esaten duten bezala, ganbara betetzen ibili naiz azken hilabete hauetan: liburuak irakurri, aspaldiko kantak berriz ere entzun, eta halaxe.
Eta kultur esparrutik ikusita, ze iritzi duzu honen kudeaketaz? Ez nuke gure kontestura soilik mugatuko hau, mundu mailako arazoa dela uste baitut. Pandemia aurretik ere makal zebilen esparrua zen kulturarena, eta honek guztiak agerian utzi du zein den bizi dugun errealitate gordina, are makalagoak bihurtu baitira gure baldintzak. Espainiar erresuman batere arautua ez den mundu bat osatzen du kulturak, alor guztietan. Kontua da, ondoko errealitateak erreparatu, eta bestelakoa dela kontestua. Inguratzen gaituzten lurraldeak begiratzea baino ez dago, bertan ere areto guztiak geldirik daude, baina musikariek beste babes bat dute. Ez da oraingo gauza, orain agerian gelditu dena baizik.
Lehen diska Galdakaon. Hurrengoa, non? (barreka) Bada, aurten egiteko eta kaleratzeko asmoa dut. Iaz izan nintzen egitekoa, baina erdibidean utzi nuen, egiteko asmoa nuen diska honek bidaiak egitea eskatzen baititu hein handi batean, eta horretarako urriak izan dira orain arteko aukerak. Ezin dut honen inguruko xehetasun handirik eman, baina ez dut gehiago itxaroteko asmorik, aurten kaleratuko dut. •