Salba Dalmau galdakoztarrak ‘Eziña ekiñez egiña’ liburua argitaratu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Salba Dalmauk BINKEri bidalitakoa
Salba Dalmau galdakoztarrak ‘Eziña ekiñez egina’ liburua argitaratu du. Autoekoizpena izan da eta lanean «Euskal Herria XXII. mendera euskalduna eta indar handiz iristeko» 100 neurri baino gehiago proposatu ditu.
Gaur egun Arrasaten bizi den arren, jaiotzez galdakoztarra da Salba Dalmau. Gaztetatik historiazalea da eta baita euskal kulturaren sustatzailea. Ildo honetan ‘Eziña ekiñez egina’ bere lehen liburua autoekoitzi eta argitaratu berri du.
«Euskal Herria XXII. mendera euskalduna eta indar handiz iristeko» 100 neurri baino gehiago proposatzen dituen lana. Neurri hauek «gure historian oinarrituta daude, historian oso garrantzitsuak izan ziren estrategietan, jarreretan eta balioetan».
«Euskal gizartearen eta euskal balio osasuntsuen etorkizunagatik daukadan kezka» bultzatu zuen Dalmau liburua idaztera eta azterketa sakona egin zuen informazioa lortzeko.
Momentuz 200 ale kaleratu ditu eta 20 euroko prezioan erosi daiteke Galdakaoko Cervantes Liburudendan.