«San Pedroak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2021eko ekaina
Bagil edo ekainaren 29an, San Pedroak dira hainbat herritan, baina pandemia dala-eta, ezin izango doguz ospatu beti lez. Ordez, Pedro izenaren eboluzioa azaltzera noatzue. Aiko, jatorriz, grekoz, «petra eta petros», harria / harkaitza da. Latinizatuz, «Petrus», daukagu, San Pedro apostoluak hartuko eban izena.
Petrus-etik Pedro, izen maskulinoa daukagu gazteleraz, baina femeninorako, Petra, mantendu da. Pedro-ra itzuliz, eta eboluzio fonetiko batzuk bitarteko, aikor, Pero, gazteleraz, eta Peru, euskeraz. Behin Pero-raz gero, / R-L / alternantziaz, Pelo, ahoskatu da. Pelo-ren hipokoristikoa, Pello.
Jakina, /LL/-ren ahoskerak, euskeran be,«yeismoa» sortu dau gazteen artean. Idatzi, hiru eratara idatzi da: / LL-Y-I /: Pello-Peyo-Peio, azkenengo hau «Y» grekotik «I» latinara aldatuz.
Eta Kepa, nondikoa dogun? Ba, aitu; Ebanjelioan, Jesusek hauxe esan eutsan Simon —Pedro— apostoluari: «Zu Simon zara, Juanen semea; zu, harria, esan nahi dauan Cefas —Kefas, Arameo-ahoskeraz— deituko zara». Euskal izendegian, Cefas, izen Arameoa, Kepa, izenera egokitu da.
Jatorriak jatorri, izen aldaera ugari: Pedro, Petra, Peru, Pero, Pelo, Pello, Peyo, Peio, eta Kepa. Binke!