Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko bozketa zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gaizka Peñafiel
En Tol Sarmiento taldeak eskainiko du aurtengo Santakurtzetako kontzertu nagusia irailaren 16an. Arabarrekin batera jaietan arituko diren gainontzeko taldeak herritarrek aukeratuko dituzte eta zabalik dago honezkero hautaketa egiteko bozketa. Albiste honetan batu ditugu aukerak egunez egun.
Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak proposatuta, En Tol Sarmiento izango da aurtengo Santakurtzetako kontzertu nagusia eskainiko duen taldea. Binkek jaso zuen moduan, irailaren 16an izango da Ardanza parkean, doan eta publiko guztiarentzako zabalik.
Jaietako gainontzeko kontzertuak ordea herritarrek aukeratuko dituzte. Horretarako, aurrez herritarrek egindako proposamenak oinarri hartuta, bozketa zabaldu du Udalak.
Hamasei urtetik gorako galdakoztarrek bozkatu ahal izango dute egun bakoitzen nork joko duen. Pertsona bakoitzak egun bakoitzeko talde bakarra bozkatuko du.
Hauek dira galdakoztarrek hautatu ahalko dituzten taldeak:
Irailak 8, barikua
- Iseo & Dodosound
- Soraya
- Tribade
Irailak 9, zapatua
- Esne Beltza
- Kaotiko
- Kulto Kultibo
Irailak 15, barikua
- The bond scot band
- Asgarth
- EH Sukarra
Bozketa hilaren 31ra arte egongo da zabalik eta hainbat modutan eman daiteke botoa. Batetik, erabaki.galdakao.eus webgunean. Bestetik, herrian barrena jarriko diren hautetsonzietan. Finkoak Torrezabal Kultur Etxean, Aperribaiko liburutegian, Urreta kiroldegian eta udaletxean jarriko dira eta ibiltariak ordutegi eta toki hauetan: gaur Santi Brouard enparantzan, 19:00etatik 21:00etara, eta bihar Iturrondon, 12:00etatik 14:00etara.
Udalak «esker berezia» eman die Jai Batzordea osatzen duten elkarteei egiten duten lanagatik eta gogoratu du «haiek gabe ezinezkoa litzatekeela ditugun moduko Santakurtzak izatea».