«Sasoiz gagoz», Dativo Golzarri
Dativo Golzarri Marañon
BINKE / 2017ko iraila
Sasoiz gagoz
Paisaia naturalez gozatzea gustatzen jat, espezie ezbardinetako basoak, erreka garbiak, larre berdeak edota lur zabaletako zuhaitz zahar eta bakartiak atsegin dodaz. Aspalditik baina, gero eta gatxagoa egiten jat horrelakoak ikustea eta gure inguruan geratzen diran leku apurretan gizakiaren eragina biziki ugaritu da. Euskal Herriko paisaia idilikoak desagertuz doaz, asfaltoaren eta eraikuntzen mesedetan. Lur zati batek edo zuhaitz apur batzuek balio gitxi dabe edozein proiekturen aurrean. Azpiegiturengaitik baztertuta edo ahaztuta geratzen diran espazio berde gehienetan arkazi, Panpako plumero edota budleia bezalako espezie inbaditzaileak azkar zabaldu dira. Inguruko basoetan barriz, pinua eta eukaliptuaren nagusitasuna nabarmena da: udabarri, uda, udagoien eta neguak kolore bera daukie. Mendeetan zehar egonkor mantendu izan dan paisaia hamarkada gitxitan guztiz aldatzeko gai izan gara. Paisaia polit eta zaindu batez inguratuta bizitzeak era guztietako onurak dakarzala nabaria da, baita ekonomikoak be. Iparraldeko herriek urte askoko abantaila daroaskue honetan. Politika publikoak eta norbanakoen ekintzak esku beretik doaz, sasoiz gagoz gauzak aldatzen hasteko.