«Sormenaren loraldia», Oihane Apellaniz
Oihane Apellaniz Goienola
BINKE / 2020ko apirila
Sormenaren loraldia
Egun bizi dugun osasun krisiaren ondorioz, euskal herritarrok eguneroko errutinak eten eta lau horma artean bizitzera ohitu behar izan gara.
Egun gutxitan, gizarteak espero duena egiteari utzi eta gure erraiak arakatuz, sormenari leihoak zabaldu dizkiogu.
Hala, askok jada ezagun zuten artista elikatzen diharduten bitartean, beste hamaikak barruan geneukan artista ezkutua azaleratu dugu, txikitan gustatzen zitzaigun hura berreskuratuz edota pasio berriak aurkituz, izan eskulanak, marrazketa, musika… Barneko hazi hau ureztatuz, dekadentzian dagoen ahalmena loratu dugu.
Zientzialari handi batek behin esan zuen sormena larritasunetik jaiotzen dela eta krisialdian sortzen direla asmamena, aurkikuntzak eta estrategia handiak.
Lehen edozein lekutik begiratuta ere ezin genuen ezer ikusi, eta orain, egunero leiho beretik begiratuz, dena ikus dezakegu.
Bitxia da guzti honen emaitzak ze ondo sentiarazten gaituen, egunerokoan «produktibo» izan beharraren dogma hori hautsi eta gauza «ez produktiboen» bidez etekin ikaragarriak atera daitezkeela ikustean.
Baina, beharrezkoa al da mundua hankaz gora jarri duen egoera baten aurrean egotea, logalean zegoen ahalmen sortzailearen mirillatik so egiteko?