Sormene azken txanpan sartu da aurkezpen, antzerki eta musikaz beterik
Sormene
BINKE / 2021eko azaroa
Sormene azken txanpan sartu da aurkezpen, antzerki eta musikaz beterik
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Eguna hasteko Bizipoza elkartea oholtza gainean izan dugu gaurkoan beraien proiektua aurkeztuz. Arrastian, aldiz, dantza musika eta antzerkia uztartu dira Kurtzeko plazan Elirale konpainiak antolatutako «Oa-huetak» ikuskizunari esker, eta azkenik, sorkuntzen Galdakaoko plazak egunari amaiera emango dio Lapurdiko Diabolo Kiwi taldearen kontzertuarekin, 22:00etan.
Gaur, zapatua, Sormenek egunari hasiera eman dio Bizipoza elkarteak antolaturiko lanaren bitartez. Aurkezpena Kurtzeko plazako karpan hasi da goizeko 11:30ean eta bertan egin den ikuskizuna eskaini ahal izateko gure herriko hainbat sortzaile, elkarte eta eragile elkarlanean ibili dira. Horien artean Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskola edota Julen Gabiria idazle galdakoztarra aurkitu ahal izan ditugu oholtzan.
Gaurko ikuskizuna ulertzeko, ezinbestekoa da Bizipoza elkartearen izaera ulertzea. Izan ere, zailtasunak dituzten familia, haur edota erakundeei laguntzea da elkartearen xede nagusia. Elkartea hitz, bideo zein kantuez baliatzen da herri inklusibora hurbiltzeko asmoaz, betiere umeen integrazioa kontuan izanik. Bizipoza elkartea 22 bazkide, 16 babesle, 120 boluntario eta 36 elkartez osatuta dago, eta elkarte horietako lauk oholtza gainean euren burua aurkezteko aukera izan dute gaur Sormeneri esker: Down Sindromea elkartea, Naizen, Gure Señeak eta Aspanif.
Baina gainera, saioaren hasieran Ane Piratak eskainitako magia ikuskizun baten bitartez, eta baita, Ainhoa Etxebarria aurkezleak eta Leire Elizegi Bizipoza elkarteko arduradunak izandako elkarrizketaren bitartez, Bizipozak duen proiektua azaldu dute. Ikuskizunarekin jarraitzeko, Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolako Maiteder Lertxundi irakaslearen ikasleek publikoarekin batera bi kanta abestu dituzte, eta ostean, Julen Gabiria idazleak Babel ipuineko hiru pasarte irakurri ditu.
Egunarekin jarraitzeko, arratsaldeko lehenengo saioan dantza, musika eta antzerkia uztartu dituen umeentzako emanaldia aurkeztu da. Ikuskizuna Donibane Lohitzunen 2001. urtean sortutako Elirale konpainiak zuzendu du. Konpainia hasiera-hasieratik mundu profesionalean nabarmendu izan da egindako sormen-lan koreografikoengatik eta gaurkoan «Oa-huetak» obra aurkeztera etorri dira Galdakaora. Horretarako, saio bi eskaini dituzte, publiko artean, 16:45ean eta 18:00etan.
«Oa-huetak» Amaia Hennebuttek idatzitako obra da. Sormeneko oholtzan Paxkal Irigoyen, Chloé Sindera eta Oihan Indart ibili dira interprete lanetan, hiruren artean koreografia musikatu dinamikoa sorturik. Musikaz Paxkal Irigoyen arduratu da bibolin, gitarra, ukelele eta tronpetaren laguntzarekin, eta beste bi artistek Irigoyeren doinua animatu dute ahots, dantza eta gorputzaz sortutako perkusioarekin. Bestalde, «Oa-huetak» obrak Lodikroko liburuarekin aurki daitekeen altxorraz dihardu eta istorioak berak publikoa irabazi du.
Azkenaurreko egunari amaiera emateko, Diabolo Kiwi taldearen kontzertua biziko dute bertaratutakoek Sormene plazan. Taldea 2016an sortu zen, baina bi urteko geldiunearen ondoren 2018an berriro ere berpiztu zen laukotea. Taldea Leire Iribarne —ahotsa eta teklatua—, Julen Etxeberri —bateria eta korua—, Allande Etxeberri —baxua eta ahotsa— eta Amaiur Epherrek —gitarra eta korua— osatzen dute.
Taldeak funk estiloan jotzen du bereziki, eta aipatzekoa da taldeak bi diska argitaratu dituela egunera arte: Kokinkeriak Fini (2019) eta Uhin Galduak (2021). Gaurkoan, herritarrek pop eta funk musikaz gozatu ahal izango dute Kurtzeko plazan, eta Donibane Garaziko taldeak eskainitako musika emanaldiarekin agurtuko du Sormenek zapatu honetako egitaraua.
Bihar lau saio eskainiko ditu sorkuntzen plazak 12:00etatik hasi eta 19:00etan amaituta.