Sortzearen grina transmititu die ikasleei Amancay Gaztañagak Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Sortzearen grina transmititu die ikasleei Amancay Gaztañagak Sormenen
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
BIDEOA: Binke
Gaur, asteazkena, Sormene jaialdiko hirugarren eguna ospatzen ari da Galdakao. Atzoko egunean zehar literatura uztartu ostean, gaurkoan Amancay Gaztañaga sortzaile eta abeslariak eskainitako antzerki tailerrarekin egunari hasiera eman dio Torrezabalek.
Sormenek jada hainbat artista aurkeztu ditu egunotan, eta gaurkoan, Ekuadorren jaiotako artista gipuzkoarra izan da oholtzan: Amancay Gaztañaga. Artista honek ibilbide mamitsua izan du bere bizitzan, Grises taldeko abeslaria, aktorea eta antzerki zuzendaria baita. Gaurkoan eginiko tailerra ez-ohiko egoeran aurkeztu behar izan du artistak, Covidak ekarri duen ondorioetako bat kontaktu eza baita, eta antzerkia beren-beregi kontaktuan oinarritzen delako; hala ere, oso sakona izan da artistak eskainitako aurkezpena.
Bertan, sorkuntza eta antzerkigintzaren arteko loturaz aritu da Gaztañaga. Artistaren esanetan «antzerkia artearen basea da eta sortzaile izateko zubirik egokiena antzerkiarekin hastea da». Era berean, Amancayren ibilbidea artearekiko zuen grina deskubritu zuenean hasi zen. Hasiera batean bere kreazio jarduna paperean oinarritu zuen artistak, baina arin egin zuen aktoreen mundurako jauzia.
Torrezabalera, hainbat ikastetxetatik, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak hurreratu dira, eta Gaztañagak ariketa bat proposatu die: ikasle guztiek orri bana hartu, eta burura etorri zaien lehen hitza edo esaldia idatzi dute bertan. Ondoren, guztien artean lau papertxo hautatu dituzte, eta ikasleen betebeharra esaldi horiekin istorio bat asmatzea izan da. Ariketa horrekin, Gaztañagak ikasleen sormena sustatu nahi izan du, bakoitzak grinak iradoki izan diona apuntatuz. Ariketa horrekin ere antzerkigintzarekiko lehen hurbilpena edota hausnarketa bultzatu nahi izan du artistak, berak irmotasunez defendatzen duelako ikasleek grinak eskatzen diena ikasi behar dutela, eta ez kanpo influentziek esaten dutena.
Arratsaldeko 19:00etako saioan ere antzerkia izango da protagonista, Tripak Kolektiboaren «Urruna» emanaldiaren bitartez. Torrezabalek goizean eskaini duen tailerra Galdakaoko ikastetxeei eskainia izan da, baina arratsaldeko saioa, aldiz, publiko ororentzat. Beraz, sarrera edota gonbidapenak saioaren aurretik eskuratu ahal izango dira Torrezabaleko leihatilan bertan, eta bertaratu ezin duenak, Binkeren webgunearen hasiera-orritik ere jarraitu ahal izango du zuzenekoa streaming bidez.