«Sudurra», Aitor Zelaia
Aitor Zelaia Goienola
BINKE / 2016ko maiatza
Sudurra
Postmodernitatean Egiari agur esan eta egiekin geratu gara, mila egi, bakoitzak berea. Egia bakarra egiarik ez dagoela da, gezurrak ordea nahi beste eta orotarikoak.
Hartu neure kasua (edo zeurea); nire izen abizenak etiketa soilak dira, nire azal barnerako unibertsoa gordetzeko ezgaiak. Ez naiz zinez 2016an bizi, Jesus Kristo aurreko mende batean jaioa da, ikerketen arabera. Erlojuak ere engainatu gaitu, ez dator bat dagokigun ordu eremuarekin, Franco-k aurreratu baitzuen 1942an.
Eta espazioari dagokionez zer? Bada gure mapa mundiek fideltasun gutxi; ez da posible esfera plano batean irudikatzea, Mercator eta Peters ahalegindu arren. Tartean nortasun agiri faltsua daramat egunero nirekin, aurreko gezur guztiak bakarrik senti ez daitezen. Komunikabideek ere, askotan, aurpegi kamutsez mozorrotzen didate gertatzen dena, eta oro har norbere gezurrak sinesten dituztenen artean bizi naiz, bizi zarete.
Eta hau guztia txarragoa izan ezin zitekeela uste nuenean gure herriko bidegorria ere Panamaren fan klub-aren errenta deklarazioak baino faltsuagoa da.
Egia ala gezurra, bi begien artean…