Txus Martin askatu plataforma: «Askatasuna da Txus Martinen bizitzaren berme bakarra»
Txus Martin askatu plataforma
BINKE / 2019ko urtarrila
«Askatasuna da Txus Martinen bizitzaren berme bakarra»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Aspalditik dira arduratzekoak preso diren pertsonen giza eskubideak, preso egote hutsagatik ezin daitezkelako euren oinarrizko eskubideak urratu. Esparru horretan ari da lanean Txus Martinen askatasunaren aldeko plataforma herritarra.
Espainiako eskuineko politikari ohi bat espetxean larriki gaixo dagoenetik, egungo Espainiako Gobernuak «bide berriak» zabalduko dituela iragarri du, oso gaixorik diren presoak etxeratzeko. Ordea, Euskal Herrian aspalditik dira oso gaixo dauden presoak, besteak beste, galdakoztartzat dugun Txus Martin basauritarra.
Nor da Txus Martin? Jesus Maria Martin Hernando, «Txus», Galdakaoko 54 urteko auzokidea da. 2002an, ETAren kide izatea leporatu eta estatu frantsesean atxilotu zutena. Bertako espetxe batean egon zen zortzi urtez, 2010ean Espainiara eraman zuten arte. Estatu frantseseko espetxeetan isolamendu gogorra pairatu zuen bost urte luzez, egoera latz horren ondorioz gaixotasun mentala sortu —askoren ustez hori da Txusek duen gaixotasun mentalaren hasiera— eta bere buruaz beste egiten saiatu zen.
Zein da bere espetxe-egoera? Txusek 18 urteko kondena dauka, matematikoki 2022. urtean beteko delarik. Horrela diogu, edozein presori ematen zaion tratamendua aplikatuz gero, aspaldi kalean egon beharko lukelako Txusek. Baldintzapeko askatasunean egon beharko litzateke, kondenaren hiru laurdenak beteta. Ordea, salbuespeneko neurriak ezagutzen ditu Txusek egunero: beste edozein preso arrunten baimenak gozatzen egon beharko luke, edozein presok baimena izango luke ospitalera joateko bere familiarekin ebakuntza larri bat egitera… Baina ez da bere egoera.
Eta espetxean tratamendurik jasotzen al du? Bai, Arabako Zaballa espetxean tratamendua jasotzen dabil, hainbat botika hartzen. Baina, profesionalek argi esan duten moduan, botikek bakarrik ez diote Txusi bere gaixotasuna gainditzen lagunduko, espetxeko egoerak ez baitu hori bideratzen. Gainera, guzti hori gutxi balitz, askotan arazoak izan ditu botikak jasotzeko, oinarrizko dinamika medikua apurtuz. Txusen bizi baldintzek bere osasunaren kontra eragiten dute.
Konfiantzazko mediku batek ez dio jarraipenik egiten? Bere konfiantzazko mediku eta psikologoa hurbiltzea debekatu diote Txusi. Nahiz eta eskubide hori legeak jaso, bere kasuan ez da betetzen eta legearen salbuespena da nagusi. Bere osasuna, bizitza, ez da inola ere preziatuena.
Bere askatasuna eskatzen saiatu zarete? Txusen askatasuna eskatzeko hainbat bide jorratu da urteotan, gaixotasun larria diagnostikatu zenetik. Hainbat mobilizazio, ekimen, martxa… egin ditugu bere egoeraren aurrean elkartasuna eta justiziaren beharra sentitu izan dugunon partetik. Giza eskubideak ez baitira mugatuta, dosifikatuta eta diskriminatuak izan behar. Txusen osasun eskubidea ukatuta dago… Bere oinarrizko eskubideak ukatzen ari dira.
Galdakaoko Udalak ere eskatu izan du bere askatasuna. Halaxe da, bai. Galdakaoko Udalak onarturiko mozioetan eta adierazpen instituzionaletan Txusen giza eskubideak errespetatzea eskatu da, ukaezina delako giza eskubideen kontrako egoera kritiko baten aurrean gaudela.
Bide juridikorik abiatu duzue? Bai, etengabeko lan juridikoan ere bagaude Txusen askatasuna lortzeko. Berriz diogu, askatasuna baita bere osasuna bermatuko duen neurri bakarra. Halaxe diagnostikatu dute psikiatrek azkenengo urtean, trastorno larri desberdinak identifikatuz.
Juridikoki zer eskatu duzue? Hainbat artikulu juridiko eskatu izan ditugu. 100.2. artikulua eskatu da, hau da, espetxe erregimenaren malgutasuna aplikatzea, kondena etxean bete ahal izateko ohiko neurria. Erantzuna ez dugu jaso oraindik. Bestalde 60. artikuluaren aplikazioa ere eskatu zen, gaixotasun larria duela eta bere baldintzapeko askatasuna lortzeko, nahiz eta hau ere ukatu izan dioten…
Eta baimen berezirik ezin da eskatu? Bai, noski. Ohiko eta ezohiko baimen penitentziarioak eskatu daitezke, eta eskatu ditugu, baina beti ezezko erantzuna jasoz. Estatuko espetxe-geografian ez dugu aurkituko, bigarren graduan hainbeste urtez egonda, baimen guztiak ukatuta duen beste presorik. Gainera, Txusek duen kardiopatia kongenitoa larriagotu zaio eta urte honen hasieran bihotzaren ebakuntza egin beharko diote, honek duen arrisku handiarekin. Bizitzaren eskubideaz ari gara, eta nahiz eta horren ardura instituzio publikoek izan, kasu honetan kontrako norabidean ari dira.
Orain bide berri bat ireki omen da Espainiako Gobernutik, gaixo dauden presoak askatzeko. Txus Martinen giza eskubideak errespetatzeko balio dezake? Bide berri batzuk zabaldu dira preso gaixoen inguruan, bai, orain kriterio berriak omen dituztelako Espainiako Gobernuan antza. Egoera berri baten iragarkia den? Ez dugu uste. Borondatea egonda, eta dagoen legalitatearekin, Txusek aspaldi etxean egon beharko luke, edozein gobernu egonda ere. Edozein presori aplikatzen zaion legalitatea Txusi aplikatuz gero, etxean izango genuke, ziur gaude. Beraz, Gobernuaren borondate eta nahiaz ari gara.
Herritarrek zerbait egin dezakete honen aurrean? Hitzorduak izango ditugu injustiziaren kontra aritzeko eta Txus etxera ekartzea eskatzeko. Ez Txus Martin delako edo gure auzokidea delako bakarrik, giza eskubideen baloreez, oinarrizko eskubideez eta gizakiaren duintasunaz ari garelako baizik. Gure edozein lagunentzako eskatuko genukeen bezala, Galdakaoko bizilagun zein eragile politiko eta sozialei beraien elkartasuna eskertuko diegu. Ia denon artean Txus etxera ekartzea lortzen dugun! •