Txus Martini hirugarren gradua emango diote laster
Giza Eskubideak
BINKE / 2020ko uztaila
Txus Martini hirugarren gradua emango diote laster
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Txus Martin larriki gaixo dagoen presoari hirugarren gradua eman diotela zabaldu bada ere, ahoz baino ez dute jaso abokatu eta senideek horren berri. Hala ere, datozen egunetan ofizialki jakitea espero dute.
Estatu frantsesean 2002ko urtarrilean izan zen atxilotua, eta bertan zortzi urte igaro eta gero estraditatu zuten Espainiara Txus Martin preso galdakoztarra. 2019ko azaroan bere kondenaren hiru laurdenak bete bazituen ere, egun Zaballako (Araba) espetxean dago bigarren gradua betetzen.
Bost urteko isolamendua pairatu ostean izan zituen gaixotasun kronikoaren lehen zantzuak, bai fisiko zein psikikoak, eta 2006an jasan zituen lehen brote psikotikoak, ordutik halako beste hamaika izanez, 2010ean kasu. Hala, urte bete geroago (2011) buruko garaitza diagnostikatu, eta 2015ean bihotzeko ezkerreko bentrikuluaren funtzioa galdu eta hau zabaldu zen arte.
Azken honen eraginez kateterismoa egin zitzaion, eskuburdinekin, ebakuntza honek bere bizitza jokoan jarriz eta %7ko hiltzeko aukera izanez. Ebakuntza ondoko egoera ezegonkorra izan zen oso, odoljario pilaketez gain fenomeno tronbo-enbolikoak izanez, eta honek kalte neuropsikologikoak eraginez Txus Martini.
Marko juridikoa. Gaixotasunaren diagnosia egin zioten bezain pronto hasi ziren lehen pausu juridikoekin, bere osasunaren ongizatea bermatzea xede. Geroztik, andana izan dira egin diren eskaerak, adibidez: 2012an behin-behineko askatasuna, edo 2014ean bere baldintzen malgutasuna eskatuz, baina bai bata zein bestea baztertuak izan ziren Entzutegi Nazionalaren eskutik.
Jaso beharreko tratamenduak bermatzeko, bere egoera malgutzea eskatu zuen duela bi urte Martinek berak. 2018ko abenduan aldiz, ebakuntzari aurre egiteko ezohiko baimena eskatu zen, baina honi ezezkoa eman zion presondegiak. Egun batzuk beranduago espetxeetako zaintzaren ardura duen epaiak bere egoera larria zela onartu bazuen ere, ez zuen aske uztearen eskaera onartu.
Galdakaoko Udalari dagokionez, 2012an eratu zuen lehen erakunde adierazpena Txusen inguruan, Giza Eskubideak eta balio demokratikoak ardatz, orduan bere berehalako askapena eskatuz —EAJ, EH Bildu, Usansolo Herria eta Ezker Batuak sinatu zuten adierazpena—, eta hala, 2017an gauza bera egin ere.
Bere egungo egoera. Binkek bere ingurukoei esker jaso duen informazioaren arabera, hirugarren gradura pasako dute preso galdakoztarra datozen egunetan, hala baieztatu baitiete Txusen abokatuei.
Albiste hau jaso zenerako, bai Txusi zein bere abokatuei hau komunikatu bazieten ere, ofizialki aplikatu gabe daude oraindik gradu honek presoari ahalbidetu beharko zizkion eskubideak, besteak beste: Basauriko espetxera hurbiltzea, aste barruan etxera joateko aukera izatea, pultsera telematikoa jartzea,…
Azpimarratzekoa da, bide batez, galdakoztarraren bizitza eskubideak bermatzeko sortu zen Txusen Aldeko Plataforma. Presoaren egoera larriaren aurrean: eskaera desberdinak egiten lagundu, haientzat onartezinak ziren egoerak salatu eta herri zein parametro handiagoko eremuetan mobilizazioak burutu dituzte gaur arte, bat aipatzekotan, Ni Zu Bi ekimena.