Udal Gobernuaren aurka bozkatu dute Auzoak taldeko bi zinegotzik
Politika
BINKE / 2021eko iraila
Udal Gobernuaren proposamen baten aurka bozkatu dute Auzoak taldeko bi zinegotzik
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Historikoa izan zen atzo Udalaren Ohiko Osoko Bilkurak eman zuena: gobernu taldearen parte den Auzoak plataformako bi kidek Asier Egiraun zinegotzia liberatzearen aurka bozkatu zuten, eta ondorioz proposamenak ez zuen aurrera egin.
Covid-19 gaitza hedatu zenetik, Galdakaoko Udalaren Ohiko Osoko Bilkurak modu telematikoan egiten hasi ziren. Baina irailekoa izan da aurrez-aurreko bilkuren lehena. Modu berezian egin zuten atzo —eguena, hilak 30— aipatutako lehenengo bilkura presentziala, areto osoa hartu baitzuten zinegotziek, distantziak errespetatzeko herritarrak esertzen diren aulkiak ere beteta.
Pandemia garaiko lehenengo bilkura presentziala izatea ez zen bakarrik izan atzoko bilerak eman zuen berezitasuna, Auzoak taldeko bi zinegotzik —Maripaz Losada alkateordeak eta Olaia Parra Kulturako eta Parte Hartzerako zinegotziak— Udal Gobernuaren proposamen baten aurka bozkatu zutelako lehenbiziko aldiz. Eta aurkako boz horiek Asier Egiraun Hirigintzako, Hezkuntzako eta Segurtasunerako zinegotzia liberatzeko aukera baztertu izana eragin zuten. Auzoak taldeko hirugarren zinegotziak, Javier Ibarretxek baina, liberazioaren alde bozkatu zuen.
Auzoak —legegintzaldi honetara lehenengoz aurkeztu den plataforma herritarra— Udal Gobernuaren parte da, EH Bildu buru dela, Usansolo Herriarekin eta Podemosekin batera. Auzoak taldeak ahalbidetu zuen, gainera, Iñigo Hernando jeltzalea ez den Galdakaoko lehenengo alkatea izatea.
Ordea, Udal Gobernuko taldeen artean egon daitekeen ageriko lehenengo desberdintasunaren lekuko izan da iraileko bilkura.
Aldeko iritziak
Egiraun zinegotzia liberatzeko proposamena Hirigintza Arloko bi aholkularik euren lanpostua utzi izanagatik etorri zela azaldu zuen atzo Maite Arandia Ogasuneko zinegotziak, eta «Galdakaogaz daukagun konpromisoagaitik» egin zutela proposamen hori: «Udalaren hain arlo inportante batean zinegotzi bat %100eko dedikazioagaz egoteak gobernu lez hartu genduazan proiektuak eta konpromisoak bete ahal izatea ekarriko dau».
Liberazio hori gauzatu ahal izateko, Egiraunek bere egungo lanpostuan jasotzen duen ordainsari bera jaso beharko luke: 58.171€ urteko.
Iraileko Ohiko Osoko Bilkurak dozena bat puntu izan zituen gai-ordenean, besteak beste, Musika Eskolako eta Udal Euskaltegiko langileen soldaten %0,9ko igoera —aho batez onartua—, Afganistango giza eskubideen defentsan Adierazpen Instituzionala onartzeko EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa —aho batez onartua—, aurreko talde politiko biek eta Miguel Angel Martin atxiki gabeko zinegotziak Ertzaintzari eta Udaltzaingoari babesa adierazteko aurkeztutako mozioa —aho batez onartua—, atxiki gabeko zinegotziak ondasun higiezinen gaineko zerga arauzten duen ordenantza fiskala aldatzeko aurkeztutako mozioa —ez zen onartu—…
Baina hautsak Egiraunen liberazioak harrotu zituen.
Kontrako ahotsak
Euzko Alderdi Jeltzaleak «harriduraz» jaso zuen Hirigintzako zinegotzia liberatzeko proposamena: «EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Podemosek beti kritikatu izan dabezanean politikoen eta aholkularien liberazioak, eurek gobernuan dagozala horixe bera egiten dabe orain». Gainera, talde jeltzaleak gogor kritikatu zituen aurkeztutako proposamenaren moduak, «ezkutuan eta herritarrak engainatu guran». EAJk bilkura amaitu aurretik bidali zuen Prentsa Oharrean ere adierazi zuen gobernu taldeko bosgarren liberatu politikoa izango litzatekeela eta bere kideek baino gehiago kobratuko lukeela Egiraunek: «Alkateak baino 6.000€ gehiago kobratu gura dauz eta alkateordeak baino 11.245,49€ gehiago».
Miguel Angel Martin Auzoak taldeko zinegotzi ohiak —egun, atxiki gabeak— Binkeri adierazi zion «penaz» hartu zuela proposamenaren berri, bilkurara eraman aurretik proposamena berarekin «aztertuko eta adostuko balebe, agian nik be liberazioaren alde bozkatuko nebalako, baina inoiz ez nabe kontuan hartzen». Eta aurreikuspen guztiak beteta, aurka bozkatu zuen.
Alderdi sozialistako bi kideek ere proposamenaren aurka bozkatu zuten, eta Txema Larrazabal PSE-EE-ko eledunak azpimarratu zuen EH Bilduk gutxieneko soldata ez gainditzea eskatzen zuela oposizioan zegoenean, «herritarren alde modu altruistan lan egin behar zala esaten eben, baina badirudi orain ezetz, hori besteentzat zan».
Eta Auzoak-eko hiru zinegotzitik bik, zergatik bozkatu zuen Udal Gobernuaren proposamen baten kontra? Bada, Olaia Parra zinegotziak Binkeri argitu dio: «Auzoak ez dago Egiraunen liberazioaren kontra, asko balio dauan pertsona dala erakutsi daualako eta dedikazio osoan ziur gagozalako asko egingo ebala Galdakaoren alde, baina guk ezezkoa bozkatu dogu zinegotzien ordainsariak esleitzeko modua aldatu gura ebalako Udal Gobernuak proposamen horregaz batera».
Soldaten polemika
Asier Egiraun jardunaldi osoz aritzeko proposamena ordainsarien eguneraketa batekin ekarri zuen alkateak iraileko bilkurara. Eguneraketa horretan dedikazio osoz lanean ari diren zinegotzien ordainsarien gutxieneko eta gehienezko soldatak ezarri gura zituen gobernu taldeak: gutxieneko 30.188€ko urteko soldata, eta gehienezko 59.171,59€. Arandiak azaldu zuenagatik, «81/2015 Foru Dekretuak ezartzen duen gehienezko soldatatik oso baxu gagoz halanda be». Foru Dekretuak 80.906,55€ urteko gehienezko soldata gordina du ezarrita.
Aurreko zenbaki horiek aipatuta, modu honetan, Udal Gobernuak aurre egin gura dio EAJ-k sarri errepikatu duen kritika honi: «EAJ eta PSE alderdiak gobernu galdakoztarreko agintean egoazanean, 2018an esaterako, 502.532,20€ko gastua izan eben soldata politiko eta ebentualetan; Udal Gobernu honek 70.000€ baino gehiago gastatu ebazan 2020ko urtean, 572.006,08€».
Legegintzaldi honetan zinegotzi liberatuek %7 gutxiago kobratu baina laurden bat gehiago lan egiten dutela gogoratu zuen Maite Arandiak, «eta alkateak aurreko alkateek baino %30 gutxiago kobratzen dau». Aholkulariek ere %13 eta %37 arteko soldata murriztea izan dutela azpimarratu zuen Arandiak, eta horrela, aurreko legegintzaldian baino 53.996,21€ gutxiagoko gastuak dituztela.
Soldaten dantza horretan, Ogasuneko zinegotziak «datu interesgarri bat» eman gura izan zuen atzoko Osoko Bilkuran: «Liberatuta ez dagozan zinegotzien artean gehien kobratzen dauana atxiki bako zinegotzia da, 900€ inguru hilero, ardurak daukiezan zinegotziek 350-500€ bitarte jasotzen daben bitartean». Martin batzorde guztietara joan behar izateagatik ematen da egoera hori, talde baten parte diren zinegotziekin gertatzen ez den bezala —lanak eta ardurak banatzen baitituzte—.
Kontuak kontu, eta zenbakiak zenbaki, Asier Egiraun zinegotziak Udaleko beharretan dedikazio osoz egon barik jarraitu beharko du, Hirigintzako bi aholkulariren faltan. Udalaren ardura beraz, zera da: nork egingo ditu lan horiek orain? ·