Unai Gorrotxategi eta Tito (Ganbara): «Trantsizio urtea da hau, eta horrela ulertu behar dugu»
Unai Gorrotxategi eta Edgar Suarez «Tito», Ganbara taberna
BINKE / 2020ko azaroa
«Trantsizio urtea da hau, eta horrela ulertu behar dugu»
Hainbat saltsetan eta tabernetan aritu diren zerbitzariak dira Unai Gorrotxategi (Galdakao, 1992) eta Edgar Suarez «Tito» (Galdakao, 1992). Duela urtebete ireki zuten Ganbara taberna, eta egun bizi duten egoera ezagutzeko gerturatu da Binke eurengana.
Noiz hartu zenuten Ganbararen kudeaketa? Ganbara 2019an ireki genuen. Egia da ordurako beste hainbat tabernetan lanean ibiliak ginela, eta ogibide honek eskatzen duen lan karga zein den ezagutzen genuela daborduko. Betidanik izan dugu argi ostalaritza dela benetan betetzen gaituena, eta pandemiak estutu bagaitu ere, ez gara duela urtebete hartutako erabakiaz damutzen.
Zein adin tarte gerturatu ohi da zuen tabernara? Iturrondon estrategikoki ireki genuen, plaza horretan adin tarte desberdineko jendea batu ohi delako. Ez genuen adin tarte konkretu bat erakarri nahi, ideologia konkretu bateko jendea ezta. Errespetua, lasaitasuna eta inor kanpoan ez uztea helburu dituen taberna bat eraiki nahi genuen, eta horretan dihardugu egun.
Garai ilunak ostalaritzarentzat. Zein da egun bizi duzuen egoera? Autoritate papera egitea egokitu zaigu gainera, eta ez da erraza zerbitzari izatearekin batera polizia lanetan aritu behar izatea, bezeroek ez dute hau ulertzen. Trantsizio urtea izango da hau, eta hala ulertu behar dugu, ahal den heinean, positiboki.
Zein eskaera egiten diozue instituzioei? Udalari dagokionez, guri laguntzeko prestutasuna badagoela ikusi dugu. Dirulaguntza zuzenekin beti egongo gara eskerturik, baina hori baino, normaltasuna da behar duguna. Osasungintza publikoan, hezkuntzan edota garraio publikoan dirua jarriz uste dugu lortuko dela normaltasun horretara lehenago iristea.
Eta herritarrei? Tira, eskatu baino, haiekin eskertuta egotea dagokigu. Zerbait eskatzekotan, guganako konfiantza eta guztion arteko elkarlana da. Ezarri diren neurriak ahal diren heinean betetzea ere bai, noski, eta gure aldetik zerbait aldatzea nahi badute, esan dezatela lasai asko. Uneoro bezeroen atzetik neurriak betetzen eskatzen aritzea eta haiek lasai egotea bateragarriak ez direnez, ezinbestekoa da bion arteko elkarlana.
Zer uste duzue desberdintzen zaituztela gainontzeko tabernetatik? Taberna guztiak gara elkarrekiko desberdinak, eta bezeroak erosoen sentitzen diren horietara joango dira. Produktuei dagokienez baditugu gainontzeko tabernek eskaintzen ez dituzten ardo, jaki edota kafeak, baina honek ez du horrenbesteko garrantziarik. Hori baino, gure izaera da besteengatik bereizten gaituena, eta hau tabernan islatzen saiatzen gara!