«Ura, gure altxorrik ederrena», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2021eko ekaina
Ura, gure altxorrik ederrena
Gure Lurra, espaziotik ikusita, «planeta urdina» dela diogu, azaleraren %70 baino gehiago urez estalita daukalako. Hala ere, Lurreko itsasoak ez dira oso sakonak eta, horregatik, ura uste baino ondasun urriagoa da. Denok dakigu ura oinarri-oinarrizko gaia dugula aurrera egiteko, mundu berriak arakatzeko, garapena lortzeko eta bizirauteko.
Urik gabe ezin izango ginateke bizi, urak lantzen baitu herriaren izakera; baina, arazoa da, egunetik egunera ur edangarri gutxiago daukagula eskura. Badirudi, ur zikinetako irabazietan murgilduta bizi garela, horrek ondorio galgarririk ekarriko ez duelakoan; baina urak, egiak bezala, beti bideginen jarraitu behar du: «mila urte igarota ura bere bidean» dio esaera zaharrak. Jakinekoa da, ur txiki guztiak ur handirantz doazela; baina, behin iturritik irten eta gero, edan beharreko ura zikintzen ari gara; eta horri, klima-aldaketak eragingo dion erasoa gehitzen badiogu, munduko biztanleriaren etorkizuneko ur-hornidura arriskuan jartzen ari gara.
Mila milioi pertsona baino gehiago bizi dira, gaur egun, ur gutxi duten eskualdeetan. Nazio Batuen datuen arabera, 3.500 milioiraino irits liteke urritasun hori 2025erako. Beldurgarria! Eta gainera, ze hondamendi etorriko ote zaigu itsasoa kutsatzen jarraitzen badugu; edota, gero eta lehorte sakonagoek gure lur-emankorrak basamortu biurtzen badituzte?!
Euskal Herrian ez gaukagu ur-arazo larririk. Zorionaren txapeleko txori kantaria gara, ur-hornidura bikaineko herrialdean bizi gara, eguraldiak lagun egiten digulako, eta lurpean akuifero aberatsak ditugulako. Baina, horren baino arduratsuago jokatzen ikasi beharra daukagu; gure Mundua bat delako, gure Lurra bat delako eta gure Ura bat delako.