«Urdea eta txarria»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2017ko azaroa
Baserrietan, txarria, estimatua da janari legez. Urtean zehar hazi eta loditu egiten da txarria, zemendiko San Martinetaraz gero hil eta jaten joateko, odolosteakaz hasi eta azkenengo urdairano. Ganera, txarriaren gantzagi urtuaren koipea, garrantzitsua da, bai txorixoak koipetan kontserbetako zein sukaldaritzan orio orde erabilteko. Esakereak dinoskunez «txarrikia dana aprobetxetan da». Txarri izena dala-eta, zera esango dogu: latin arrunteko «cirra= ule latza» berbatik datoz gaztelerazko «cerda/o» eta euskerazko «zerri>xerri>txerri/txarri». Baina txarriaren euskal izen zaharra «urdea» da. Zer gertatu dan? Ba, aiko. Urdea basoan geratu danez, hortik gure «baso urde> basaurde>basurde». Baina kuriosoa da hizkuntzaren jokoa. Basurdeak ez dauka urdairik eta txarriak bai, baina txarriki zuri hori adierazteko «urde»-tik hartu dau «urdai» izena. Txarri-hiltea, auzo-lanean egiten da. Goizean barausi barauskarriekaz eta txarri-hilte beharrak akabatu orduan, morroilada edo txarriboda pozgarria dator. Esaereak be hauxe dino: «Txarria hilten dan astea eta ezkontzako lehenengo urtea, onenak».