«Urkiolako harritzarra»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko urtarrila
Urkiola, Abadiño dogu herriz eta paraje mitiko horretan erromes kutsuko santutegi ospetsu bat daukagu, San Antonio bien zaindaritzapean —Paduakoa, bagilaren 13an eta Abad, urtarrilaren 17an—. Erromesen artean, osasun eskariak, ondorengo exbotoak eta, besteak beste, neskak, nobioa eskatzeko erritualak egozan, sakristiako mihise edo ehun batean, buru baltz edo zuridun orratzak sartuaz. Azken ohitura hau, aldatuz etorri da. Aiko, 1929an, Benito de Vizcarra, orduko erretore edo abadeak, harritzar biribil berezi bat aurkitu eban Urkiola inguruan eta bere meteorito itxura ikustean, santutegi aurrealdera ekarri eban geologo edo adituek aztertzeko. Urteak joan ahala, Urkiolara doazen erromesak eta gainetiko asko, harritzar horren oboan-oboan jiraka ibiltzen dira zelango halango eskariak egiten, nobioarena barne. Ohitura zahar horren leku aldaketaz aparte, nobio bila joatearenak badauka, antza, beste erantzun bat. Beitu, lehenago, San Antonioetan Urkiolako eleizkizun eta erromerietara oinez joaten ziran erromesak egun osorako eta bertan edo joan etorrian, alkar ezagutu eta maitemindu. Kontuak kontu, hor daukagu Urkiola erromesen topaleku.