Urretan gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzera deitu dute gaurko

Gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak Galdakaon, emakume bat bortxatzea egotzita. Erasoa gaitzetsi dute herriko talde feministek eta hau arbuiatzeko elkarretaratzera deitu dute gaurko, Santi Brouard enparantzan.

Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen abuztuaren 30ean, 24 urteko emakume bat Urretan bortxatzea egotzita, El Correo egunkariaren arabera.

Egun horretan biktima eta ustezko erasotzailea Bilbon elkartu ziren eta ostean Galdakaoko Urreta auzora joan ziren, gaztearen etxebizitzara. Handik emakumeak lagun bat deitu zuen eta honi gazteak bortxatu zuela azaldu zion, BINKEk jaso zuen moduan.

Galdakaoko Udalak eta talde feministek erasoa gaitzetsi dute eta azken hauek elkarretaratzera deitu dute gaurko, erasoa arbuiatzeko.

Agerraldia Santi Brouard enparantzan izango da 20:00etan, eta Momoak, Erabide, Erlantza, Ninaiz, Mairi eta Basandere talde feministek deitu dute. «Zuen biolentziaz nazkatuta gaude! Kaleak hartzeko momentua da. Kalean ikus gaitzatela!», adierazi dute.