«Urtarrila, hotzak hila»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2021eko urtarrila
Urtarrila, hotzak hila» dinosku herri esaera zahar batek, eta halan da izan be. Urteko lehenengo hil hau izen ugariz adierazten dogu: urtarril, urtail, ilbeltz, izotzil, etab. Izan be, hil honetan hotz handia egiten dau eta horren ezaugarri, leiak edo izotzak ur geldiko otsin edo putzuen urazalak kristal edo horma bihurtzea. Urazal izoztuari «kristal» edo «horma» deritxagu. Latineko «forma»-tik dator gure «horma». Hau da, ur likidoa horma bihurtzea. Gerora, uretik harrizkora-eta be eroan dogu berba hori mendebaldean. Era bitako leiak daukaguz: lei zuria eta lei baltza. Lei zuria ikusi egiten dogu egunsentian. Lei baltza ostera, ez dogu ikusten baina hor egoten da zuria besteko edo hotz handiagoagaz. Lei batak zein besteak, alde batetik, kalteak egiten ditu gure landa-bedar eta ortuetako barazkietan, baina, bestetik, pizti mantzin asko tragatu edo hil egiten ditu eta geroko ereitzari begira azpitiko eta harjoen arriskuak kendu. Naturak, bere zikloa dauka eta garai bakoitzean hotz-bero egokia egin behar dau uzta eta fruitu onak lortzeko. Herri esaera zahar batek be horixe dinosku: «Neguan eguraldi epelak baino, otsoa ardia artean hobe». Binke!