Usansolo Racing: «Pausu garrantzitsua ematen ari gara berdintasunaren bidean»
Usansolo Racing Taldea
BINKE / 2018ko urria
«Pausu garrantzitsua ematen ari gara berdintasunaren bidean»
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
ARGAZKIA: Unai Moran
Racing munduko zenbait alorretan emakumeen presentziarik ia ez zegoela ikusirik, Usansolo Racing talde mistoak hasieratik izan zuen argi emakumeak izango zirela taldeko zutabe. Egun, alde handirekin, Euskal Herrian emakume gehien dituen automobil-taldea da.
Racing talde bat… Nolatan bururatu zitzaizuen honi hasiera ematea? Abenduan lau urte beteko dira racingean zaletuak garen hainbat lagun bildu —gehienak usansolotarrak— eta talde hau sortzen hasi ginenetik. Lehenik eta behin, automobil-talde bat eta elkarte bat sortu behar genituen, eta horretan genbiltzala, alor behartsuenetan arreta jartzeko beharra ikusi genuen: emakumeak, gazteak eta ahalmen urriko pertsonak.
Jakina da motorraren munduan gehiengoak gizonezkoak direla… Bai, zeharo maskulinizaturik dago; oso gutxi dira lehiatzen diren emakumeak. Gure taldeko emakumeok txapelketetan parte hartzen hasi aurretik, gehienak kopilotuak ziren, ia ez zegoen emakumerik bolantean. Horregatik iruditzen zaigu pausu oso garrantzitsua ematen ari garela. Oraindik asko falta da kirol honetan berdintasuna lortzeko, baina harro gaude gure harri koxkorra jartzeaz, eta lanean jarraituko dugula oso argi dugu.
Zelakoa da gizonen eta emakumeen arteko harremana? Orokorrean esperientzia positiboagoak ditugu negatiboak baino; gure taldekideek asko lagundu baikaituzte. Hala ere, inoiz gizonezkoren batek egin dizkigun komentarioetan gizartean dauden mikromatxismoen eragina ere igarri dugu. Emakumeoi motorraren mundutik urrun dauden roletan sailkatzen gaituzte, eta guk horren kontra borrokatzen dugu.
Taldeko kide batek garaipen garrantzitsu bat lortu berri du, ezta? Bai, eta pozez zoratzen gaude! Miranda de Ebrokoa den Yaiza Hermosilla taldekidea Gaztela eta Leoneko drift modalitateko txapelketa irabazi duen lehenengo emakumea izan da. Bestalde, Rebeca Aranburu donostiarrak Espainiako Open Slalom Drift-eko proba bateko lehenengo emakume garailea izatea lortu du. Makina hutsak dira!
Kotxeetarako zaletasuna ez da batere merkea… Ez da, ez. Bi arazo nagusi ditugu: kotxea eguneratuta izateak, lizentziak egiteak eta probetan parte hartzeko bidaiatu beharrak eskatzen duen koste ekonomikoa batetik, eta entrenatzeko lekurik gertu ez izatea, bestetik. Hitzaldiak egiten ditugu edo laguntza behar duten ekitaldietara joaten gara lortutako dirua emakumeen alorrean inbertitzeko. Gugan konfiantza ezartzen duen babesle bat edo beste ere badugu.
Helburu edo erronkarik buruan? Azaroan BECen antolatzen duten ekitaldi batean hartuko dugu parte. Urtero bezala, espazio bat emakumeen presentziari eskainiko diogu, erakustaldiak eta guretzat erreferente diren pertsonak omentzen.