Usansolo udalerri independente izango bada, zer gertatuko da?
Segregazio prozesua
BINKE / 2022ko martxoa
Usansolo udalerri independente izango bada, zer gertatuko da?
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Zigor Alkorta
Zerga gehiago ala gutxiago ordaindu beharko lituzkete usansolotarrek, Usansolo udalerri independentea balitz? Zer gertatuko da orain Galdakaoko Udalak usansolotarrei eskaintzen dizkien zerbitzuekin? Zeintzuk partekatuko dituzte? Galdakaoko Udalak zenbat diru eman beharko lioke Usansolokoari bere diruzaintzatik? Arratiaren ala Bilbo Handiaren parte izango da Usansolo? Galdera hauek eta gehiago azaltzen ari da Usansolo Herria plataforma hitzaldi eta eskuorrien bitartez. Hemen batu ditugu UHren erantzunak.
Usansolo inoiz ez da hain «urrun» iritsi Galdakaotik bereizteko prozesuan. Galdakaoko Udalak batzorde mistoa osatu, Usansolo udalerri izanda bai Usansolok berak zein Galdakaok biziko luketen errealitatea aztertzen duen memoria egin eta 2022 honetako martxoaren 27an galdeketa ofizialera deitu zituen usansolotarrak.
Orain, galdeketa horretako emaitza Usansoloren segregazioaren aldekoa bada, Udalak Bizkaiko Batzar Nagusietara eramango du kasua, lurraldeko biltzarrak erabaki dezan zer egin. Ostean ikusiko da, Batzar Nagusiek ere onartu egiten badute Usansolo udalerri independente izatea, lurraldetasunean aldaketak ekarriko dituen prozesu honek zein bide hartuko duen Espainiara begira —EAJk Binkeren bidez ohartarazi zuen legez—.
Bien bitartean, Usansolo Herria (UH) plataforma —eta Galdakaoko Udalean bi zinegotziren ordezkaritza duena— herritarrei azaltzen ari da «Usansolo udalerri independente izango denean gertatuko denaz».
Azalpen horiek lau hitzaldiren bitartez eskaintzen ari da UH, Binkek otsailaren 22an azaldu zuen bezala, baina Usansoloko etxeetara ondoko galdera-erantzunak batzen dituen eskuorria ere buzoneatzen ari da segregazioaren aldeko plataforma herritarra, hitzez hitz:
Zerga gehiago ordainduko ditugu?
Ez, gutxiago ordainduko dugu. Zergen ordainketa herriaren biztanle-kopuruarekin lotuta dago eta gehienezko eta gutxieneko prezio-baremo batekin, udal-gobernuak kostuak ditu ahal izateko. Hori horrela, gaur egun ia 30.000 biztanleko herri batean ordaintzen duguna baino askoz gutxiago ordainduko genuke zergetan, Usansolok ia 5.000 biztanle dituelako.
Gainera, Galdakaok, presio fiskal handiagoa du antzeko biztanle kopurua duten gainerako udalerriek baino, eta, horren ondorioz, zergak oso garestiak dira. Hori ez da horrela izango udalerri independente garenean, gutxiago ordainduko dugu.
Oraingo zerbitzu berberak izango ditugu? Non lurperatuko naute?
Bai, usansolotarrok gaur egun ditugun zerbitzu berberak izango ditugu, kalitate berarekin edo handiagoarekin.
Usansoloko Udala Usansoloko ekipamendu guztien jabe izango da, eta 25 langile izango ditu, zerbitzu orokorrak kudeatzeko eta mantentzeko. Beste zerbitzu batzuk kanpoko enpresak kontratatuz kudeatuko dira, zeharka, eta bost dira Galdakaoko Udalarekin partekatutako genituzkeen zerbitzuak: zein zerbitzu partekatuko lituzke Usansoloko Udalak Galdakaoko Udalarekin? Hauek dira lankidetza-hitzarmenen bidez partekatu beharreko zerbitzuak: hilerria eta hileta-zerbitzuak; bulego teknikoko zerbitzua (arkitektoa); musika-eskola; helduen eskola publikoa; eta euskaltegia.
Hala, oraingoz, Galdakaoko hilerria erabiltzen jarraituko dugu, nahiz eta udalerri independentea izan. Bilbo datorkigu burura, hilerria Derion baitauka Bilbok.
Zenbat diru izango luke Usansoloko Udalak? Zorrak izango lituzke? Gaitasunik izango luke usansolotarrei zerbitzu berberak eskaintzeko?
Usansoloko Udalak nahikoa autonomia ekonomiko eta finantzarioa izango du, gaur egun Galdakaoko Udalak ematen dituen zerbitzuak behar bezala eman ahal izateko.
Galdakaoko diruzaintzako soberakina kontuan hartuta, 2020ko urtarrilaren 1ean 38.000.000€koa zena, eta Usansoloko populazioa Galdakaoko biztanle guztien %15,35 izanda, Usansoloko Udalak 4.605.000€ jaso beharko ditu urtebeteko epean Galdakaokotik.
Nabarmentzekoa da Galdakaoko Udalak ez zuela inolako zorrik edo krediturik 2020ko ekitaldiaren amaieran. Beraz, Usansoloko Udalak oso egoera positiboan eta inbidiagarrian hasiko luke bere ibilbidea, soberakin oso altuarekin eta zor barik hasiko bailuke ibilbidea.
Bilbon Metropolitarreko edo Arratiako kide izango gara?
Oraingoz Usansoloko Bilboko Metropolitarraren parte izaten jarraituko du.
Izan ere, Galdakaoko eta Bilbo Metropolitarreko Lurralde Antolamendua kontuan hartu behar da, Galdakao Bilbo Metropolitarraren parte baita. Bilbo Metropolitarreko Lurralde Planaren arabera, Usansolok nortasun-ezaugarri sendoak dauzka, eta ez dio inolako eragozpenik ikusten horren desanexioari. Hala, Usansolok herrigune desberdinetako etengabeko sare nuklearraren parte izaten jarraituko lukeela adierazten du.