
Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko batuko dira bihar berriz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Geltokia erdigunean plataformak Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko kontzentrazioa deitu du biharko, ekainak 6. Laminarrietako aparkalekuan batuko dira auzokideak, «desjabetatuta eta geltoki gabe nahi gaituztela» salatzeko.
Galdakaora eta Usansolora helduko den Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zenetik, erdigunean geltoki gabe geratuko direla salatu dute usansolotarrek. Arazo hau salatzeko sortutako Geltokia Plataformak hainbat moblizazio deitu ditu horretarako, eta bihar, ekainak 6, beste behin egingo du.
Laminarrietako aparkalekuan batuko dira auzokideak 11:30ean eta hauxe salatuko dute: «Metroko obrak aurrera doaz eta usansolotarren lurrak behar dituzte: lur gabe eta geltokirik gabe nahi gaituzte!».
«Horregatik, eta desjabetuko dituzten auzokideei gure babesa erakusteko, plataformatik kontzentrazioa antolatu dugu. Zatoz! Usansoloko interesak babes ditzagun! Lortu arte!», adierazi dute plataformatik.