Usansoloko geltokiaren inguruan eztabaidatu zen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan

Argazkia: Geltokia Erdigunean.

EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Usansoloko Geltokia Erdigunean plataformaren arteko koordinazio mahai bat ezartzeko mozioa aurkeztu zuen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan. EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten eta hortaz, mozioa ez zen onartu.

Geltokia Erdigunean plataformak herri galdeketa antolatu zuen urriaren 5ean Usansolon, Metroaren 5. linearen proiektuaren inguruan. Guztira 1.741 herritarrek parte hartu zuten eta %94,7k erdigunean Metro geltokia ezartzearen alde bozkatu zuen.

Horren ostean, eta kontsulta loteslea izan ez arren, bilerak eskatu dizkio plataformak Bizkaiko Foru Aldundiari, «usansolotarren nahia kontuan hartu dadin». «Aldundiaren aldetik ez dugu erantzunik jaso eta horregatik irtenbidea Batzar Nagusietan modu ofizialean eskaera egitea izan da», azaldu dio plataformak BINKEri.

EH Bilduren bitartez egin dute eta alderdiak mozioa aurkeztu zuen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Geltokia Erdigunean plataformaren arteko lankidetza-esparru bat ezartzeko.

«Urriaren 29an Gerediagako Batzar Etxean egindako Kontroleko Osoko Bilkuran, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, Izagirre Loroño jaunak, adierazi zuen Usansolon egindako herri-kontsulta errespetuz hartzen zuela eta egokiena litzatekeela Geltokia Erdigunean plataforma berak gai horretan eskumenak dituzten erakundeetara bideratzea herri-kontsultaren inguruan egindako jardueren berri emateko, eta bere ustez plataformak egin beharko lukeela ahalegin hori bera delako ekimenaren bultzatzaile eta bermatzailea», adierazi zuen EH Bilduk, «Geltokia Erdigunean plataformaren eta erakunde eskudunen
arteko zubiak erraztu eta sortu behar direla» azpimarratuz.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek mozioaren alde bozkatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina hori ez zen nahikoa izan mozioa onartzeko, EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako. PPk ordea, abstentzioa bozkatu zuen.

«EAJ-PNVk eta PSE-EEk argudiatu zuten auzia ez zela Aldundiaren konpetentzia eta horregatik bozkatzen zutela mozioaren kontra. Mozioak eskatu duen gauza bakarra ordea, Aldundia eta plataforma biltzea da, ez dago beste ezer atzean», azpimarratu du plataformak. «Kontrako boto hauekin beraz ulertzen duguna hauxe da: Aldundiak ez duela usansolotarren aldarrikapena entzun nahi».

«4. linearen kasuan adibidez, adierazpenak egiten dituzte eta gauza batzuetarako haien baimena behar dela adierazten dute. 5. linearekin aldiz, —Usansolotik igaroko dena— eskumenik ez dutela diote behin eta berriz eta ez dute horren inguruan hitz egin nahi, esaten dutelako arduradun bakarra Euskal Trenbide Sarea dela», nabarmendu du Geltokia Erdigunean plataformak, «usansolotarren nahia betetzeko lanean jarraituko dugula» azpimarratuz.

situs togel

situs toto