Usansoloko Orfeoia, desagertzeko zorian
Belaunaldi berrien faltan
BINKE / 2018ko martxoa
Usansoloko Orfeoia, desagertzeko zorian
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Belaunaldien arteko aldaketa barik daramatza ia 34 urte Usansoloko Orfeoiak. Herria orfeoi barik geldituko denaren beldurrez, gazteei dei egin gura diete, «kantatzeko edozein estilo dala be, orfeoira hurreratu daitezan».
Abestea izugarri gustatzen zitzaion lagun talde bat sarri ibiltzen zen Usansoloko tabernetatik kantuan, 1984. urtean «kaleko afizio horri buelta bat emon eta talde ofiziala sortzeko asmoz alkartu ginan arte». Horrela kontatu diote Binkeri Marisa Gonzalez Usansoloko Orfeoiko presidenteak eta Agustin Aizpuru idazkariak.
Taldea sortzeko ideiak aurrera egin zuenez, elkartzen hasi ziren urte berean abesbatza sortzeko lehenengo zuzendaria «fitxatu» zuen Victor Atxutegi usansolotarrak: Miguel Antonio Moreno, «Máximo Moreno musikari eta zuzendari ezagunaren semea!», nabarmentzen dute harro taldeko kideek. Ordea, gutxi iraun zuen Morenok zuzendari lanetan, «gaixotu egin zalako eta 87an utzi behar izan euskulako».
Urte konplikatua bizi izan zuten orduan, Morenoren hutsunea ezin bete ibili zirelako batetik bestera zuzendari bila, orduan gaztetxoa zen Javi Gonzalez durangarra ezagutu zuten arte, «eta ordutik beragaz daroaguz 30 urte!», dio Marisak ahots baxua altxatuz.
Taldearen izena Unkina Abesbatza zen hastapenetan. «Orduan, zergatik orain Usansoloko Orfeoia?» Binkeren galderari arin erantzuten dio taldeko presidente 27 urte daramatzan emakumeak: «Hainbat herritatik ibiltzen ginan kantuan, eta Unkina Abesbatza ginala esaten genduanean, gainontzeko abesbatzek galdetu egiten euskuen Unkinakoak bai, baina ia non egoan «hori»… eta Usansolo entzuten ebenean, danak hasten jakuzan umoretsu «El orfeón de Usansolo» kantatzen, korista askorentzat oso abesti ezaguna dalako!». Gaur harro diote Usansoloko Orfeoia direla.
Ibilbideak, jarraituko ote? Aurten 34 urte bete behar dituen honetan, Orfeoiak bere asteroko lanarekin jarraitzen du. Ondo antolatutako taldea da: astelehenetan gizonek entseatzen dute, eguaztenetan emakumeek eta barikuetan denek elkarrekin.
Ibilbide luze honetan, hamaika izan dira han eta hemen eskaini dituzten kontzertuak. «Euskal Herri osotik ez eze, Santander, Merida, Valentzia, Murtzia, Zamora, Katalunia… eta beste hainbat tokitan be ibili gara kantari!» gogoratzen dute Gonzalez eta Aizpuruk. Urtero Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatzen dituen Udaberriko Kontzertuak ere oso gogotsu hartzen dituzte, «bereziki beste herri batzuetako abesbatzekaz harreman handia egiten dogulako».
Hala ere, Orfeoiaren historian kontzerturen batek oilo ipurdia eragiten badie, duda barik hori 2007ko urriaren 12an Vatikanoan eskaini zutena izan zen. «Jende guztia altxatu egin zan gu entzuteko mezaren sarreran, emozionatuta gogoratzen dot jendeak zelan egiten eban txalo kantuaren amaieran», hunkiturik dio Gonzalezek. Agur Jaunak kantatu zuten, eta euskaraz kantatzeko arazoren bat edo beste izan bazuten ere, «azkenean lortu genduan Vatikanoan euskaraz kantatzea!».
Ibilbide oparo horrek amaiera izango duenaren beldur dira, ordea, Usansoloko Orfeoiko kideak: «Jendea nagusitzen dabil eta ez dago belaunaldien arteko aldaketarik, taldea desagertzeko arriskua ikusten dogu». Horregatik, «kantuan egitera prest dagozan taldekide barriak gurera gonbidatu gura doguz», azpimarratzen dute, «ez da musika ikasketarik behar, entzumen apur bat, kantatzeko zaletasuna eta konpromisoa». Estilo aldaketa egin behar badute ere, ez zaie axola: «Berritu ala hil, badakizue! Ez dogu horren beldurrik».