Usansoloko ospitalearen eta Barrualde-Galdakaoko ESIaren urteurrenak ospatu zituzten Basaurin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Avifes
Gaur 40 urte bete dira Usansoloko ospitalea inauguratu zenetik ‘Galdakanoko Ospitalea’ izenarekin eta urtarrilean 10 urte bete ziren Barrualde-Galdakaoko ESIa martxan jarri zenetik. Urteurren biak ospatzeko ekitaldia egin zuten abenduaren 10ean Basauriko Social Antzokian, langile guztiei aitortza eginez.
Usansoloko ospitalea gaurko egunez duela 40 urte inauguratu zen ‘Galdakanoko Ospitalea’ izenarekin, eta data horretan artatu zuten lehenengo pazientea. Bere jardunari ekin zionean, ospitaleak 500 profesional eta 100 ohe zituen, eta kopuru horiek asko hazi dira, izan ere, gaur egun, 4.000 profesional sanitario eta ez-sanitario inguru daude, eta 450 ohe baino gehiago Barrualdeko Eskualdeko biztanleei arreta emateko.
Ospitalearen 40. urteurrenaz gain, duela 10 urte, 2014ko urtarrilean, lehen mailako arretako Barrualdeko Eskualdea eta ospitalea bera integratu egin ziren, Barrualde-Galdakaoko ESI deritzona sortuz.
Bi urteurren hauek ospatzeko eta «langile guztiei» aitortza egiteko helburuz, ekitaldia antolatu zuten abenduaren 10ean Basauriko Social Antzokian. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua ekitaldiaren buru izan zen, eta Susana López Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Jon Guajardo ESIko zuzendari-gerenteak ere parte hartu zuten hitzorduan, baita Eneko Atxa sukaldariak.
Adierazpenetan, besteak beste, ospitalearen modernizazioa nabarmendu zuten, Ospitale Birtuala edo urologiako robot kirurgikoa bezalako arlo berrietan erakutsia. Halaber, euskararen aldeko «apustu sendoa» ere azpimarratu zuten.