Usansoloko Ospitalearen ZIUa, «zainketa intentsiboen humanizazioan» nazioarteko ziurtagiria jasotzen EAEko lehena
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Osakidetza Barrualde-Galdakao ESI
Zainketa Intentsiboen Unitatean paziente, senide eta profesionalen arteko harremana eta ospitaleratzea «humanizatu eta atseginagoa» egingo duen prozesua hasi zuen Labeako Ospitaleak 2016an. Bada, prozesu horri nazioarteko ziurtagiria eskaini diote gaur, aintzatespen hori jasotzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen ospitalea bilakatuz.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitalerik «onenak», Espainiako Monitor de Reputación Sanitaria ranking-aren arabera, ziurtagiri berria lortu du. Ospitale hori Labea auzoan kokatuta dagoena da, eta kasu honetan ziurtagiri hori Zaintza Intentsiboko Unitatean egiten duten lanagatik jaso du. Ziurtagiri hori —HU-CI proiektuak (Zainketa Intentsiboak Humanizatzen) eta AENORek sustatua— lortu duen Euskadiko lehenengoa da.
Ziurtagiri horrek bermatzen omen du «unitate horrek bete egiten dituela arreta humanizatua eta kalitatezkoa emateko beharrezko baldintzak», Osakidetzaren arabera. Humanizazioarekin lotutako alderdi batzuek «kezka eragiten zioten unitate honi», erakundeak azaldu duenez. Horrela ba, 2016an, zerbitzuan Humanizazio Batzordea sortu zen; erakunde honetan, mota horretako lehenengo batzordea bihurtuz.
Lehenengo ekimenen artean, hauek izan dira Humanizazio Batzordeak ekarri dituen aldaketa aitzindariak: senideen bisita-ordutegia luzatzea, senideek pazientearen zainketetan parte hartzea edo senideentzako gida bat egitea —gida horrek unitateko funtzionamenduaren eta bertako ekipamenduaren berri ematen die senideei eta, horrek antsietatea murrizten laguntzen die; bereziki ospitaleratze-unean—, senideentzako atseden-gela egokitu egin dute, pazienteen gaueko atsedena mesedetu da eta kutsadura akustikoa minimizatzeko neurriak hartu dira, eta pazientearen ongizate eta onurarako protokolo ugari egin dira; esaterako, paseatzeko —sendatzeko balio duten paseoak—, sedatzeko eta errehabilitatzeko protokoloa.
Ziurtagiria gaur eskuratu dute ospitalean bertan Ainara Arana unitateko gainbegiraleak, Maite Esteban ZIUko erizaintzako laguntzaile zein Humanizazio Batzordeko kideak eta Virginia Arnaiz unitateko medikuak.