
Usansoloko Ospitaleko 20 langileren kaleratzea geldiarazi dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Apirilaren 1ean Osakidetzak Usansoloko Ospitaleko 9B solairuan zerbitzua ematen duten 20 langileri kaleratuko zituela jakinarazi zien. ELA sindikatuaren esanetan ordea, kaleratzeak gelditu dituzte eta lanpostuak «formalki sortuko dira».
Osakidetzak Usansoloko Ospitaleko 9B solairuan zerbitzua ematen duten 20 langileei jakinarazi zien apirilaren 1ean haien kontratu guztiak etengo zituela. Erabaki horren aurrean, ELA sindikatuak, langileekin batera, greba deitu zuen apirilaren 22tik 30era.
«Gainera, kontratuak lege-iruzurrean zeudela salatu genuen; izan ere, lehen izendapenak 2020an egin ziren, Covid aitzakipean, eta gaur arte luzatu dira», adierazi du sindikatuak.
Langileek greba hasi aurretik ordea, Osakidetzak kaleratzeak geldituko dituela adierazi du. Gainera, ELAk eskatu bezala, 20 lanpostuak formalki sortuko ditu, eta araudiak eskatzen duen bezala, lanpostu horietan plantilla horrek egonkortasuna izango duela bermatuko du, lanpostu horiek behin-betiko bete arte.
«Hori dela eta, ELAk, langileekin egindako asanbladaren ondoren, greba bertan behera uztea erabaki du», azaldu du sindikatuak. «Beste behin ere, langileen determinazioari esker, eta ELAren erabilgarritasunari eta mobilizazio-estrategiari esker, funtsezko hobekuntzak lortzen dira Osakidetzako langileen lan- eta bizi-baldintzetan», nabarmendu du.