
Usansoloko Udalak WhatsApp komunitatea sortu du, herritarrei informazioa helarazteko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Auzokideekin harremana estutzeko helburuz, WhatsApp komunitatea sortu du Usansoloko Udalak. Komunitate honen bitartez informazioa eskainiko du eta mezuak ezin dira erantzun.
Usansoloko Udalak auzokideekin harremana estutu nahi du eta horretarako WhatsApp komunitatea sortu berri du. Atzo jarri zuen martxan eta honen bitartez herriko informazio praktikoa eskainiko du.
Udalak azaldu duenez, «komunitate segurua» da eta informazioa zuzenean jasoko dute herritarrek Udalarengandik, esteka honetan komunitatera batuz.
Udalak bidaltzen dituen mezuak ezin izango dira erantzun eta komunitateko parte-hartzaileen telefono zenbakiak ez dira ikusgai egongo. «Obrak, trafiko mozketak, abisuak… Informazio praktikoa eskainiko da», azaldu dute Udaletik.
Komunitate hau martxan jartzeko ideia martxoaren 26an egindako herri asanbladan suertatu zen. Auzokide batek proposatu zuen eta aztertu ondoren, Udalak martxan jarri du.