Usansoloren segregazioari argi berdea eman dio Batzar Nagusien aurreko batzordeak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bizkaiko Batzar Nagusiek beste pauso bat eman dute Usansoloren segregazioaren bidean: Gernikako Osoko Bilkurara eraman aurreko batzordean, gaur bertan, alderdi gehienen babesa jaso du prozesuak eta horrela datorren Osoko Bilkuran bozkatu ahal izango da Usansolo udalerri bilakatuko den edo ez. Baina, nork bozkatu du alde eta nork kontra?
Bere etorkizuna ezagutzeko pitin bat gertuago dago gaur Usansolo. Galdakaotik segregatzeko prozesua behin betiko bozkatuko da Batzar Nagusien hurrengo Osoko Bilkuran, gaur goizean Bizkaiko legegintzaldiko lehen izapidea gainditu ondoren.
Galdakaoko Udalak berak izapidetutako eskaera Iraskunde, Gobernamentu on eta Gardentasunerako Batzordean eztabaidatu da gaur, urriak 11, eguerdiko 12:00etan: batzarkide gehienek onartu dute Usansoloren segregazioaren auzia behin betiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkurara eramatea, bertan «ofizialki» bozkatu ahal izateko. Zehazki, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa izan du Usansoloren aferak, 12 botorekin; PSEko bi ordezkariak kontra agertu dira —euretariko bat Victor Trimiño Galdakaoko zinegotzia eta datozen udal hauteskundeetako alkategaia—, eta PPkoa abstenitu egin da. Izapide hori gaindituta, proposamena Osoko Bilkuran eztabaidatzea baino ez da geratzen, eta segurtasun osoz onartuko da, gaur aldeko botoa eman duten alderdiek Osoko Bilkuran ere hala bozkatzen badute behintzat.
Erabaki horrekin, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izan liteke. Hala ere, zerumugan Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Espainiako Lege Nazionalarekin topo egin daiteke, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerri berriak baimentzeko baldintza nagusietako bat baita. Usansolo gertu dago, baina ez da iristen, gaur egun 4.535 biztanle baititu.
Eta horixe izan da gaurko Bizkaiko batzordeko bilkuran ere eztabaidagai, ez ote duen Espainiar Estatuko Abokatutzak Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakia errekurrituko eta bestelakoak tarteko. Hala ere, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko bozkekin prozesuak aurrera jarraitzen duenez, behin Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak segregazioa onartuta ikusiko da zer gertatzen den.
Binkek horren berri ematen jarraituko du. Momentuz, oraindik ez da zehaztu noiz izango den aipatutako hurrengo Osoko Bilkura Gernikako juntetxean.