Usansolotarrek geltokia erdigunean eskatzeko eskutitza entregatu zieten alderdi politikoei
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean
Pasa den barikuan EAJren, Euskal Trenbide Sarearen eta PSEren Bilboko egoitzetan izan ziren usansolotarrak eta geltokia erdigunean eskatzeko eskutitza entregatu zuten bakoitzean. Albiste honetan batu dugu testu osoa, hitzez hitz.
Geltokia Erdigunean plataformak eta usansolotarrek herriko erdigunean Metroaren 5. lineako geltokia eskatzen jarraitzen dute eta pasa den barikuan Bilbora eraman zuten aldarria, EAJren, Euskal Trenbide Sarearen eta PSEren egoitzetara, BINKEk jaso zuen moduan.
Hauetako bakoitzean eskutitz bat entregatu zuten, «gure kezka adieraziz metroaren 5. linearen proiektuaren inguruan». Hemen batu dugu testua, hitzez hitz:
«Usansoloko Geltokia Erdigunean plataformatik, beste behin, gure kezka adierazi nahi dizugu metroaren 5. linearen proiektuaren inguruan.
Usansoloko bizilagunek, gizarte-eragileek eta alderdi politikoek denbora daramagu gai honen inguruan lanean eta ez gaude betidanik izan dugun herri erdiguneko tren-geltokia galtzeko prest.
Behin baino gehiagotan zuekin eta proiektuan erantzukizuna duten administrazio publikoekin bildu gara, eta egungo geltokia ez kentzearen aldeko eman beharreko azalpen eta arrazoiak helarazi ditugu. Herriarentzat mugikortasun iraunkorra eta eraginkorra bermatzea nahi dugu, eta horregatik metroaren 5. linea berriak Usansoloko erdigunean geltoki berri bat izatea nahi dugu.
Horren aurrean, zuen erantzuna ezezkoa izan da beti, beste behin ere bizilagunei bizkarra emanez. Hala ere, behin eta berriz esan diguzue akordioa lortzeko bideak negoziazioa izan behar duela, horretan ari zaretela lanean. Baina asteak aurrera doaz, eta negoziazio hori ez da gauzatzen, eta martxan dagoen proiektuak ez du aldaketarik izan.
Guk, beste behin, hitz egiten jarraitzeko gure jarreraren berri ematen dizugu; prest gaude usansolotarroi hainbeste kezkatzen gaituen arazo honi irtenbidea aurkitu ahal izateko behar beste bilera egiteko.
Ez dugu atzerapausorik emango, eta Usansolok tren-garraiorako sarbidean kalitatea galtzen ez duela bermatu arte, manifestatzen eta kontzentratzen jarraituko dugu.
Zure erantzunaren zain,
Adeitasunez»